KIUBentzako eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteentzako laguntzen deialdiak argitaratu dira.

0

Kontsumobidek, Kontsumoko Euskal Institutuak, abenduaren 22an, KIUBentzako eta kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko elkarteentzako dirulaguntzen deialdiak argitaratu ditu. Laguntza horien helburua da kontsumitzaileak defendatzeko  eta informazioa emateko lana babestea esparru desberdinetan. Guztira, 1.389.570 euro dira.

Kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetarako eta kontsumitzaileen defentsarako toki-erakundeen beste ekimen batzuetarako deialdiek 958.570 euroko laguntza ekonomikoak aurreikusten dituzte; horietatik 718.837 euro 2021eko aurrekontuaren kargura izango dira, eta gainerakoa 2022ko konpromiso-kredituen kargura. Laguntza hauen bidez, KIUBen funtzionamendu-gastuak, berritzea eta lekualdatzea, ikuskapen-jarduerak eta bulego berrien irekiera diruz lagunduko  dira. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 17an amaituko da.

Kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteek ere beste laguntza-lerro bat eskuratu ahal izango dute, 431.000 €-ko zuzkidura izango duena, eta horietatik 323.500 euro 2021eko aurrekontuaren kargura joango dira. Deialdi honetan elkarte onuradunei eskatzen zaie beren jarduera-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izatea eta bulegoak herritarrei irekita edukitzea. Diruz lagunduko dira, batetik, kontsumitzaileak defendatzeko jarduera, erreklamazioak izapidetzea eta informazio-lanak, eta, bestetik, aholkularitza eta defentsa juridikoko lanak. Eskabideak aurkezteko epea otsailaren 15ean amaituko da.

Bi deialdiei buruzko informazio guztia esteka honetan kontsulta daiteke.