Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 289,8 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, ehuneko 4,2 gehiago

0
  • Aurrekontuko 3,1 milioi euro Covid19ak eragindako kalteei aurre egiteko izango dira. Zeharkako laguntza hauek saileko arlo gehienetan izango dute eragina.
  • Kultura sailburuordetzak ia 60 milioi euroko aurrekontua izango du eta Hizkuntza Politikakoak ia 65 milioi eurokoa 

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak zuzentzen duen Sailak 2021. urterako proposatzen duen aurrekontu-proiektua aurkeztu du gaur, Eusko Legebiltzarrean. 2021.erako 289.870.000 milioi euroko aurrekontu proiektua da, iaz baino ehuneko 4,2 gehiago. 

Bingen Zupiriak azaldu duenez, “ziurtasuna eta egonkortasuna emango diguten aurrekontuak dira, ez dago atzerapausorik. 2021erako dauzkagun eginkizun eta erronkei baldintza egokitan aurre egiteko aurrekontu zabala eta indartsua daukagu”. Gaineratu duenez, “aurrekontutan jasota zeuden diru-laguntza zuzen eta deialdi guztiak mantendu ditugu, eta hartzaileek jarduera betetzea ezinezkoa izan denean, malgutasunez jokatu dugu, eta bestelako laguntzetara bideratu ditugu baliabide soberakinak”. Bost ardatz nagusiren inguruan daude egituratuta Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren 2021eko aurrekontuak:

  • COVID19aren ondorioei aurre egitea.
  • Euskalgintzaren eta kulturgintzaren ezagutzan eta gestioan sakontzeko ikerketa-lanak eta berrikuntza-planak garatzea.
  • Kulturgintzari eta euskalgintzari ere sakon eragiten dien eraldaketa digitalerako urrats irmoak ematen hastea.
  • Kulturgintzako eta euskalgintzako erakundeekiko eta eragileekiko lankidetza sendotzea.
  • Eta gizon eta emakumeen berdintasunean sakontzeko ekimenei jarraikortasuna ematea. 

Bingen Zupiriak bere agerraldian garrantzi berezia eman die Covid19ari aurre egiteko sortuko diren ekimen eta erabiliko diren bitartekoei. Guztira, Sailaren aurrekontu proiektuan, 3,1 milioi euro bideratuko dira Covid19aren ondorioak arintzeko eta zuzentzeko. Poltsa honen helburua COVID19aren inguruan sortu diren eta sor litezkeen zailtasunei aurre egiteko neurri eta laguntza bereziak bideratzea da. Zeharkako laguntzak izango dira, hau da, saileko ia arlo guztietan izango dute eragina. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez “izurriaren itzala ez dugu gainditu” eta horregatik behar dituzte kulturak, hizkuntza politikak eta kirol-arloak laguntzak. Zupiriak azpimarratu duenez, “muga eta baldintza guztiak beteta, gure jarduerak modu seguru eta orekatu batean bete ahal izateko ardura” daukagu.  

Honela banatuko dira laguntza horiek:

 

COVID19-ARI AURRE EGITEKO LAGUNTZAK

 

Kultura eta Hizkuntza-Politika / Azterlanak

200.000 €

Hizkuntza-Politika – Euskararen sustapena

200.000 €

Kultura eta Hizkuntza-Politika / Dirulaguntzak

400.000 €

Jarduera Fisikoa eta Kirolak

1.200.000 €

Kultura Sustatzeko Zuzendaritza / Dirulaguntzak

1.100.000 €

GUZTIRA

3.100.000 €

 

Kultura sailburuordetza 

Andoni Iturbek zuzentzen duen Kultura sailburuordetzak 59,8 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino 2,8 milioi gehiago. Horietatik 35,2 Kultura sustatzera bideratuko dira, 24,5 milioi kultura ondarea babestera eta 3,3 milioi Etxepare Euskal Institutuaren jardunera. Bost erronka nagusi izango ditu 2021ean Kultura sailburuordetzak: 

  1. Kultur sortzaileei eta ekoizleei laguntzea. Kulturaren lan profesionala arautu, duindu eta ageriko egitea da helburuetako bat. Sortzaileek eta ekoizleek lana izatea, lan egiteko aukerak izatea bermatuko da ahal den neurrian. Horretarako sendotu egin dira jendaurreko emanaldi eta erakustaldiak sustatzeko programak. Datorren urteko aurrekontuetan besteak beste, musika munduko deialdietara 1,1 milioi bideratuko dira aurten baino 480.000 euro gehiago eta arte eszenikoetara 2,6 milioi, 207.000 euro gehiago. Bestalde, kultura produktuen promoziora eta komertzializaziora bideratutako deialdi berria egingo dugu 2021ean, 510.000 euro izango dira.
  2. Euskadin estrategikoak diren kultur erakundeak indartzea eta sendotzea. Besteak beste, Zineuskadira 230.000 gehiago bideratuko dira 2021. urtean, 1,3 milioi guztira. EHMBEren, Euskadiko musika profesionalen plataformaren, kontsolidazio prozesua ere indartu eta burutuko da eta horretarako 86.000 euro bideratuko dira.
  3. Kulturaren eta ondarearen garapen digitalari errotik ekitea. Jarduera eta estrategia digitalak zabaltzen eta hobetzen jarraituko da eta besteak beste Euskariana proiektura 551.000 euro zuzenduko dira, Euskadiko Museoen Sarea indartu eta sendotzera 10 milioi euro eta beraien deialdi eta formakuntzetan eraldaketa digitala suspertu eta indartzera beste 810.000 euro. E-Liburutegia indartzeko estrategiara 200.000 euro zuzenduko dira, tartean audioliburuen programa martxan jartzeko.
  4. Ondare industriala, garapen aukera moduan.
  5. Kultura eta Sormen Industrien (KSI) proiektua sendotzera000 euro gehiago bideratuko dira. Guztira 1,1 milioi euro bideratuko dira KSI-ra. Berrikuntza nagusia BDCC, Basque District of Culture and Creativity, sormenaren eta kulturaren barrutia sortzea izango da eta enpresei zerbitzu nagusiak eskaintzen hastea izango da. 

Bestalde, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 8.300.000 euro jasoko ditu eta Euskal Herriko Gazte Orkestrak 290.000 euro. 

Datorren urterako Euskal Kulturari eusten dioten azpiegitura eta gertakizun nagusien aurrekontuek aurtengo parametroetan jarraitzen dute. 

Hizkuntza Politikako sailburuordetza 

Miren Dobaranek zuzentzen duen Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak 64,9 milioi euroko aurrekontua izango du, aurten baino ehuneko 7 gehiago. Kultura sailburuordetzak bezala, Hizkuntza Politikakoak ere, bost lan ildo zehazten ditu 2021. urteko aurrekontuari begira: euskararen ezagutza areagotzea, erabilera sustatzea, hori lortzeko gizartea aktibatzea, ingurune digitalean euskararen presentzia eta erabilera zabaltzea eta, lorpen horietarako ezinbesteko lanabes, etengabeko ikerketa eta ebaluaketa prozesuak garatzea. 

Helduen euskalduntzean egiten du, euskararen erabilerari dagokionean, ahalegin handiena Hizkuntza Politikako sailburuordetzak eta Helduen Alfabetatzerako eta Berreuskalduntzerako Erakundeak, HABEk, 42,4 milioi euroko diru-laguntza jasoko du, aurten baino ehuneko 8,4 gehiago. Azpimarratzekoa da aurreko legealdian B2 mailara arteko euskara-ikastaroen matrikulen doakotasuna bultzatu zela eta 2020-2024 legealdian 16 eta 30 urte bitartekoentzat, C1era arteko matrikulen doakotasuna ezarri nahi dela. Guztira, 2021ean matrikulen doakotasuna bermatzera 3,1 milioi euro bideratuko ditu HABEk. 

Ezagutzatik erabilerarako jauzia ahalbideratzeko besteak beste, arlo sozioekonomikoan eskuhartzen jarraituko du Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak. Horretarako Arlo Sozioekonomikorako Euskararen Plana 2020-2023-ri zuzenean lotutako aurrekontua 400.000 eurokoa izango da. Euskara eta eguneroko lana uztartu eta indartzeko Lanhitz deialdira 1,8 milioi euro bideratuko dira eta Bikain ziurtagiria lortzeko programara 338.000 euro. Sektore publikoan euskararen normalizazioa sendotzen ere jarraituko du Hizkuntza Politikako sailburuordetzak. 

Euskararen erabilera areagotzeko eta gizartea aktibatzeko besteak beste, Euskalgintza deialdia berrantolatuko da gizarte esparruetan eta jarduera proposamenetan gertatu diren aldaketak kontutan hartzeko. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa izango da. Tartean ingurune digitalean euskara sustatzera bideratuko dira 300.000 euro. Hizkuntza Teknologia 2021-2024 plana lantzen hasteko 495.000 euro erabiliko dira datorren urtean. Euskal hedabideak bultzatzeko eta gaztelaniazko hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko ia 8 milioi euroko aurrekontua egongo da.

Jarduera Fisikoa eta Kirola 

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak 10,9 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Diru hori honako helburu hauetara bideratuko da:

  • Jarduera fisikoa eta bizitza-ohitura osasungarriak sustatzea euskal herritarren artean eta Euskadi Europako gizarterik aktiboenen artean kokatzea. Gizarte aktiboagoa bultzatzeko Osasun sailarekin batera martxan dagoen MUGIMENT programara 480.000 euro bideratuko dira.
  • Jarduera fisikoak eta kirolak berdintasunerako eta gizarteratzeko duten potentziala baliatzea eta euskara sustatzea. Besteak beste, kirol-federazioei eta federazioen batasunari bideratutako laguntzak 3,1 milioi eurokoak dira. Kirol-praktika arautua gizarteratzen egiten duten lana babesteko eta federazioen kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko eta kirolean duten eragina handitzeko bitartekoak eskaintzen zaizkie.
  • Generoaren ikuspegitik berdintasun erreala sustatzea da helburua eta berdin dibertsitate funtzionala duten pertsonei dagokionean, bai aukeren ikuspegitik eta baita hizkuntza-berdintasunari dagokionean ere. 150.000 eurorekin Berdintasun plana sustatuko da, aurten horretara bideratutakoaren bikoitza. Kirol egokitua laguntzeko 65.000 euro izango dira. Kirol esparruetan indarkeria ekiditeko programan berriz, 50.000 euro inbertituko dira.
  • Euskal kirol-sistema etorkizuneko erronketara egokitzea eta horren antolakuntza hobetzea. Digitalizazioaren ikerketa, garapena eta berrikuntza proiektuak gauzatzera 215.000 euro bideratuko dira. Besteak beste, kirol-federazioei eta federazioen batasunari bideratutako laguntzak 3,1 milioi eurokoak dira. Kirol-praktika arautua gizarteratzen egiten duten lana babesteko eta federazioen kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko eta kirolean duten eragina handitzeko bitartekoak eskaintzen zaizkie.
  • Kirolaren potentziala ustiatzea Euskadiren nazioartekotzerako tresna gisa. Besteak beste, Basque Team Fundazioaren bitartez maila altuko euskal kirolarien presentzia nazioarteko lehiaketetan bultzatu nahi da. 2021ean 1,3 milioi euroko aurrekontua izango du Fundazioak. Euskadi-Basque Country markaren nazioartekotze estrategiaren barruko kirol ekimenentzat 500.000 euro zuzenduko dira. Azkenik txapelketa internazionaletan parte hartzeko dirulaguntza igo egin da 501.600€tara. 

Etxepare Euskal Institutua 

Etxepare Euskal Institutuak 3,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2021. urtean, aurten baino ehuneko 7,27 gehiago. Igoera Covid19ak eragindako eteteari aurre egitearekin du lotura. Datorren urterako hauek izango dira Institutuaren zeregin nagusienak:

  • Zabalkunde Digitalerako zeharkako egitasmoaren diseinua.
  • Euskararen eta euskal kulturaren irakakaskuntza munduan, Euskal Etxeetan zein unibertsitateetan.
  • Kulturaren sektoreekin elkarlanean, euskal sortzaileen mugikortasuna sustatzeko diru-laguntzen moldaketa
  • Kanpoko programazioetan Euskal Leiho berriak sortzeko egitasmoa, bertako zein kanpoko eragileekin  lankidetzan
  • Euskal kultur programa berezia Quebecen
  • Euskal Literatura nazioartekotzeko lan-ildoaren berrikuspena eta indartzea.

EITB

2021ean Euskal Irrati Telebistak 149,1 milioi euroko aurrekontua izango du. Joan den abenduaren 14an EITBko administraritza-kontseiluak ontzat emandako aurrekontua da. Ustiapen gastuetarako, zehazki, 140 milioi € izango ditu EITBk datorren urtean. Aurten baino %ko 4,94 gehiago.