Osasunaren aldeko apustuak eta COVID-19aren aurkako borrokak Osasun Sailaren 2021eko aurrekontua 4.183 milioi eurora igo dute, aurrekoa baino % 6 gehiago

0
  • Osasun Saila da, beste urte batez, diru-zuzkidura handiena duen saila, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren herena, izaera sozial nabarmenekoa, eta pertsona bakoitzeko osasun-gastu publikoa berriz ere igo da 1.902 euro arte
  • COVID-19rako guztira 185 milioi euroko partidak gehitu dira, arreta soziosanitariorako 30,7 milioiko beste bat, eta Osasun Publikoan % 6ko igoera aurreikusi da, eta datorren urtean 24 milioi eurokoa izango da
  • Osakidetzak 3.216,7 milioi euroko aurrekontua izango du (aurreko ekitaldian baino % 7,2 handiago): 10 eurotik 7 langileentzat bideratuko da, eta ia 70 milioi inbertsioetara
  • Lehen Mailako Arretak presentzia irabazten jarraitzen du, 21 milioi eurorekin inbertsioetan eta errefortzu-neurrietan, langile gehiagorekin (196 plaza), Osakidetzako zuzendaritzako presentziarekin, antolaketa-neurriez gainera

 

 “COVIDa gainditzea eta osasun-sistema publiko kalitatezkoa eta unibertsala mantentzea”. Hori izango da helburu nagusia, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 4.183 milioi euro bideratuko ditu horretarako, aurreko ekitaldian baino % 6 gehiago (237 milioi euro gehiago).

Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak, gaur goizean Eusko Legebiltzarreko Ogasun eta Aurrekontu Batzordean agerraldia izan du. Bertan, datorren urteko Sailaren kontuak aurkeztu ditu, Nerea Urien eta Iñaki Berraondo sailburuordeekin eta Rosa Pérez Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Berriro ere, Eusko Jaurlaritzaren partidarik handiena da, Iñigo Urkullu Lehendakariaren Gobernuaren aurrekontu osoaren herena baino gehiago. Gogoratu behar da Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren 10 eurotik 8 gastu sozialera bideratzen direla.

Osasuneko sailburuak zehaztu du zer aurrekontu-partida erabiliko diren desberdintasunik gabeko osasun-sistema baten alde lan egiteko konpromisoa betetzeko, pertsona guztien zerbitzura egongo den hurbileko osasun-sistema baten alde. Izan ere, per capita osasun-gastuak gora egin du berriro ere, 1.902 euro, iazko 1.801 euroen aldean. Horrek esan nahi du Euskadi gastu publikoaren buruan dagoela Estatu osoan.

 

AURREKONTUAREN BANAKAPENA

Hurrengo urtean, ahalegin pertsonalari eta ekonomikoari eutsiko zaio, Covid19ari aurre egiteko, eta honako hauek indartuko dira nagusiki: Euskal Osasun Sistema, Lehen Mailako Arreta, Osasun Publikoa, Arreta soziosanitarioa, eta berrikuntza eta ikerketa sanitarioa, gardentasunaren, herritarren parte-hartzearen eta gobernu egokiaren ikuspegitik.

 

COVID-19

Lehen erronka pandemiari aurre egiten jarraitzea dela esan du Sailburuak. Datorren urteari begira, Osasun Sailak eta Osakidetzak 185 milioi euro berariaz aurreikusi dituzte COVID-19aren aurka borrokatzeko. Hori islatuko da, besteak bete, langile eta material sanitarioak indartzean, inbertsioetan eta COVID 19 txertaketak eragindako gastuetan.

 

OSASUN PUBLIKOA

Osasun Publiko eta Adikzioak, datorren urtean 24 milioi euroko aurrekontua izango du: % 6ko igoera aurreko ekitaldiaren aldean. Zehazki, adikzioei aurre egiteko 3,4 milioi euro bideratuko dira, eta beste 7,4 milioi dirulaguntzetara, egoera ahulenean dauden eta medikuek agindutako medikamentuekiko atxikimendua mantendu behar duten pertsona guztiei zuzenduta.

Txertoetan egindako inbertsioak ere gora egin du, % 1,7 hain zuzen ere, 14,3 milioi euroraino. Helburua izango da, aurrerantzean ere, estaldura-tasa altuak izango dituen Europako txertaketa-egutegirik osatuenetako bati eustea. Horrek Euskadiri aukera emango dio babes handiagoa emateko bai haurrei, bai helduei.

Honekin guztiarekin batera, Osasun Publikoaren Lege-proiektu bat aurkeztuko da, pertsonen bizi-kalitatea sustatu eta hobetzeko.

 

ARRETA SOZIOSANITARIOA

Arreta soziosanitariorako partida 30,7 milioi eurokoa izango da 2021ean. Datu horrek argi eta garbi erakusten du Sailak arreta eta lankidetza soziosanitarioaren alde egindako apustua, zuzendaritza espezifiko berri bat sortzetik harago doana. “Arlo soziosanitarioari, agerikotasun handiagoa ez ezik, baliabide gehiago eman nahi dizkiogu”, esan du Sailburuak.

 

IKERKETA ETA BERRIKUNTZA

Osasun Sailaren aurrekontuan, halaber, Ikerketa eta Berrikuntzaren arloan % 7tik gorako igoera nabarmendu behar da, 21,7 milioi eurora iritsi baita. Hori guztia I+G+b erakundeen eskutik. Erakunde horiek 4 ikerketa-institutuk (Bioaraba, Biocruces – Bizkaia, Biodonostia eta Kronikgune) eta buru korporatibo batek (BIOEF) osatzen dute.

Sailburuak gogorarazi du legegintzaldi honetan 2021-2024 Osasun arloko Ikerketa eta Berrikuntza Estrategia onartuko dela, zeinak osasun-arloko berrikuntza eta ikerketa indartzearen aldeko apustua egiten jarraituko baitu, osasunean emaitza hobeak lortze aldera eta euskal enpresa-sarea lankidetza publiko-pribatuaren bidez handitze aldera.

 

OSAKIDETZA

Osasun Sailaren partidarik handiena, beste ekitaldi batez, Osakidetzara bideratzen da, 3.216 milioi euro jasoko baititu erakunde sanitarioen eguneroko funtzionamendurako programa-kontratuaren bidez (2020an baino % 7,2 gehiago).

Osakidetzaren aurrekontu osotik, 10 eurotik 7 langile-gastuetara bideratuko dira, eta aurten % 7,4 igo da iazko aurrekontuarekin alderatuta. Gainera, 70 milioi euro inguru bideratuko dira azpiegiturak modernizatu eta eguneratzeko inbertsioetara.

 

ARABA. 15 milioi euro esparru hauetako jarduketetarako:

  • Arabako Unibertsitate Ospitalea
  • Arabako Errioxako ESI

 

BIZKAIA. 11,7 milioi euro espazioen modernizaziorako esparru hauetan:

  • Bilbo-Basurto ESI
  • Ezkerraldea-Enkarterri Gurutzeta ESI
  • Galdakao Barrualde ESI
  • Osasun Mentaleko Sarea
  • Transfusio eta Ehunen Euskal Zentroa

 

GIPUZKOA. 16,4 milioi euro esparru hauetan:

  • Terapia zelularreko ekipamenduak
  • Bidasoa ESIko eta Goierri Urola Garaiko ESIko bloke kirurgikoak birmoldatzea

 

27,2 milioi euro erakunde sanitario integratuen baterako zerbitzuetarako:

  • COVIDerako larrialdi-ekipamenduak
  • Erradiologia digitala
  • Ekografiak
  • Ebakuntza-geletarako ekipamenduak
  • Irisgarritasun-baliabideak
  • Informatika eguneratzea

 

LEHEN MAILAKO ARRETA

Sailburuak bereziki azpimarratu du Lehen Mailako Arretaren arloa, legegintzaldi honetarako esparru estrategikoaren barruan leku berezia hartu baitu. Horrela, Sailak asistentzia-esparru horren alde hartutako konpromisoa islatu du.

Datorren urtean, Lehen Mailako Arretak 196 profesional gehiago izango ditu, eta Osakidetzako langileen partidaren igoeran islatzen da hori. Gainera, nabarmentzekoa da Lehen Mailako Arretako administrazio-arloetako langileen eta ospitaleko eta ospitalez kanpoko arretako administrazio-langileen soldatak parekatu direla (% 4ko igoeraren baliokidea). Bestalde, bigarren urtez jarraian, 21 milioi euro bideratuko dira Lehen Mailako Arretarako inbertsioetara, osasun-zentroak eraberritzen eta hobetzen jarraitzeko, igogailuak modernizatzeko eta instalatzeko, eta kontsultategi eta instalazio orokorretako ekipoak berritzeko. Horien artean, honako hauek nabarmendu ditzakegu:

  • Groseko, Errenteriako, Zuazoko, Derioko, Ondarroako… osasun-zentroetan igogailuak modernizatzea eta instalatzea.
  • Areetako, Eibarko, Deustuko, Markonzagako, Kabiezesko, Bergarako, Tolosako, Ordiziako, Laudioko… osasun-zentroak berritzea eta hobetzea.
  • Instalazio orokorrak eguneratzea eta kontsultategien ekipamenduak berritzea.
  • Aretxabaletako eta Gasteizko Alde Zaharreko osasun-zentroetarako kokapen berriak.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko abenduaren 23a