Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu dute Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko polizia-lankidetza hobetzeko

0

Segurtasun Sailak eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu berri dute polizia-lankidetzaren eta -koordinazioaren arloan, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baliabide operatiboak optimizatzeko.

Donostia, 2020ko abenduak 27

Hitzarmen horren emaitza gisa, Udaltzaingoa Eusko Jaurlaritzaren irrati mugikorreko sare integralean, TETRA izenekoan, integratuko da, Ertzaintzak erabiltzen duen plataforma izanik. Sistema honek, batetik, irrati-igorgailu bitartez ahotsaren bidez komunikatzeko aukera ematen du, eta, bestetik, segurtasun-fitxategi jakin batzuen kontsulta automatizatua ahalbidetzen du. Horrela, polizia-baliabide batek berehala izan dezake ibilgailuei edo pertsonei buruzko alerten berri talkie baten edo irrati-igorgailu baten bidez.  

Horrez gainera, akordioan aurreikusten da Udaltzaingoak Estatuko Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren datu-baseetara sarbidea izatea eta hilero bidaltzea Donostian izandako istripuei buruzko estatistikak Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzara.  

Hitzarmenaren helburu nagusia da bi polizia-kidegoen giza eta material baliabideak optimizatzea eta bikoiztasunak saihestea, Euskadiko Segurtasun Sistema Publikoan jasota dagoenari jarraituz. Horrez gainera, agirian jaso da Euskadiko Administrazioak TETRAra sartzeko aukera emango diola Udaltzaingoari, eta Donostiako Udala arduratuko dela komunikazio-ekipamenduak, hala nola talkieak eta igorgailuak, erosteaz eta mantentzeaz.

Euskadiko segurtasun publikoaren arloko agentzien arteko koordinazioan emandako beste urrats bat da. Berez, Udaltzaingoa jada integratuta dago Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko larrialdien kudeaketa integralerako EUSKARRI sistema informatikoan. Plataforma horrek ematen dio euskarria Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak (SOS Deiak) egiten duen koordinazio-lan operatiboari. Honako zerbitzu hauek daude plataforma teknologiko horretan integratuta: Donostiako Udaltzaingoa, Ertzaintza, Osakidetza-Emergentziak, ETKZ-CGTE (Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa-Centro de Gestión de Tráfico de Euskadi), Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foro-aldundietako suhiltzaileak eta Bilboko, Donostiako eta Gasteizko suhiltzaileak.