Ia 4.000 erabiltzaile konektatu dira dagoeneko Itzuli +, itzultzaile neuronalaren tresna berrira

0
  • Gailuak edozein web orritatik euskarazko eta gaztelaniazko testuak itzultzen ditu berehala, eta, gainera, itzulitako testuak irakurtzen ditu
  • Erabiltzaileek eskatuta, Itzuli itzultzaile neuronalak 41 milioi itzulpen egin ditu orain urtebete sortu zenetik gaurdaino

Eusko Jaurlaritzak luzapen bat jarri du herritarren eskura, Itzuli itzultzaile automatikoari lotzeko. Hala, tresnen katalogoa zabaldu du, ikasle eta profesionalentzako testuak errazago eta hobeto itzultzeko. 3.700 erabiltzaile inguruk deskargatu dute dagoeneko Itzuli + (itzuliplus) tresna barra hau sortu eta herritarren eskura jarri zenetik. Gainera, itzultzaileak erabiltzaileari itzulitako testua eta jatorrizkoa irakurtzeko aukera ematen dio, eta horrek interprete-lanetan eta ikusmen-urritasuna edo dislexia duten pertsonentzat aukera interesgarria ematen du.

Itzuli + oso tresna gomendagarria da testuen elaborazioan eta itzulpenean; ikasleek eta gurasoek maiz erabiltzen dute itzulpenetarako eta, halaber, oso erabilgarria izan daiteke esparru akademikoetan eta erakunde publikoekiko komunikazioetarako.Tresna barra honek Interneten dauden erraminta batzuk bakar batean batu ditu: Itzuli itzultzaile neuronala, hiru hiztegi (Elhuyar, Morris eta Collins), euskarazko Wikipedia eta ahots sintesia.

Itzuli egitasmotik eratorritako proiektua da Itzuli +. Izan ere, Itzuli Eusko Jaurlaritzaren lehen proiektua izan da, herritarrek erabiltzeko sortua, Adimen artifizialetik abiatuta. Zerbitzu honek kalitatezko itzulpenak egiteko aukera ematen du, bai euskaratik gaztelaniara, bai gaztelaniatik euskarara eta baita euskaratik frantsesera edo ingelesera eta alderantziz ere.

Itzuli 2019ko urrian abiarazi zen eta ordutik gaurdaino (abenduko datuak oraindik zenbatzeke) tresna honek erabilera zabala izan du herritarren artean. Urte luze honetan berrogei milioitik gora kontsulta edo itzulpen zerbitzu eskaini ditu. Zehazki, iazko urritik aurtengo azarora arte 41.158.630 itzulpen edo kontsulta izan ditu. 

Itzultzaile neuronala hainbat urtetako lanaren emaitza izan da, eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak 20 urtez bildutako itzulpen-memoriak erabiliz ezarri da. Itzulpengintzan, euskaratik gaztelaniara eta gaztelaniatik euskarara egindako itzulpengintzan batez ere, pilatutako eskarmentu handiari esker, oso datu-base terminologiko eta linguistiko zabala lortu da. Era berean, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) 20 urte daramatza itzulpen-memoriak sortzen, eta, horri esker, 10 milioi segmentutik gorako datu-baseak ditu, itzuliak, berrikusiak eta eguneratuak. Ezagutza horri esker, Itzulik kalitate handia lortu du.

Euskaratik gaztelerara eta alderantzizko itzulpenak ezezik, euskaratik frantsesera eta ingelesera ere itzultzen du eta, alderantziz, erdal hizkuntza hauetatik euskarara.

Itzuli + Firefox eta Chromerako sortu da, eta automatikoki lotzen da Itzuli itzultzailearekin. Hainbat hiztegirekin (baita alemanarekin ere) eta Wikipediarekin ere konektatzeko aukera ematen du. Erraz eta intuizioz erabiltzen da: web orri batean paragrafo bat edo gehiago aukeratzen dira eta, Itzuli ikonoan klik egin ondoren, itzulpen automatikoa eskaintzen du. Beta aukera sakatuz gero, testu itzulia entzun daiteke.  

Itzuli + Firefoxetik deskargatzeko esteka hau da:               

                 https://addons.mozilla.org/es/firefox/addon/itzuli/

Eta Chrometik:

                 https://chrome.google.com/webstore/category/extensions