Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko oinarrizko kirolean egindako lana goraipatu du Bizkaia Kirolak Sarien hamabosgarren edizioan

0

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana aintzatetsi nahi izan dute Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldi intimoan.

Unai Rementeriak Bizkaian kirolaren arloko pertsonek eta erakundeek egiten daben beharra goraipatu dau. Egoera honegaz, egia esan, gatxa da edozer egitea. Zer esango dogu zuen jarduereari, kirol jarduereari, jagokonez. Baina arazoak gainditutearen adibidea be bada. Hobetuten jarraituteko errealidadera egokitzearen adibide bat. Bakoitza bere diziplinan. Baina arrakastan ez gara ahaleginagaz akordaten. Eta hori da azpimarratu gura dodan unea. Ahaldun Nagusiak Bizkaia Kirolak Sarien finalistei gogorarazo gura izan deutsie sariak zuen ekintzen ondorio dirala. Eta handiak zarie zuen diziplinetan zarienagaitik eta egiten dozuenagaitik.

Bestalde, Lorea Bilbaok hauxe adierazo dau: Inguruabarrak gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpen publikoa egin gura izan dau Bizkaian oinarrizko kirolak egin dauan eta une honeetan egiten dauan beharra eta ahalegina aintzatesteko. Finalera iritsi diran hautagaiak Bizkaiko kirol sistemearen ordezkaritza bikaina dira. Une oso latza pasaten dauan kirol-sistemea da baina seguru gaindituko dauala abagune hau, gaindituko dogula, Bizkaiko kirola osatzen daben pertsonek eta erakundeek daukien talentua eta energia kontuan hartuta. Bilbaok, ostean, esan dau Guretzat funtsezkoa da oinarria sendoa eukitea talentu handiz betetako kirol-sare indartsua eregiteko; horregaitik da hain garrantzitsua gure lurraldean oinarrizko kirolak daukan mailea. Amaituteko esan dau Bizkaiko kirolak etorkizuna ziurtatuta daukala, gaur egun lorpen handiak ereiten zagozealako.

Bizkaia Kirolak Sariak kirol-aitorpenerako ekitaldi bat da eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, lurraldeko oinarrizko kirolean dagoen talentua eta kalitatea ikusarazi eta balioetsi nahi ditu. Hamabosgarren edizio honetan 2019.urtean lortutako kirol-merezimenduak hartu dira kontuan.

Gaur goizean saritutako kategoria bakoitzeko lau finalistak izan dira sarituen izenak jakinarazi diren ekitaldian.

Bizkaia Kirolak Sarietan sei kategoria saritzen dira (kirolaria, entrenatzailea, erakundea, zuzendaritzako langilea edo laguntzailea, taldea eta arbitroa). XV. edizioan, honako hauek izan dira saritutako pertsonak eta erakundeak: kirolari-kategorian, Jone Magdaleno Albizu taekwondoko kirolaria (ezin izan da ekitaldian egon eta bere izenean Ginmástico Bilbao Klubeko presidentea den Xabier Baresek jaso du saria); entrenatzaile onenaren kategorian, José Mario Lopez Villalibre (saskibaloia); erakunde-kategorian, Berango Atletismo Taldea (atletismoa); zuzendaritzako langile onenaren kategorian, Naia Fernandez Veiga (saskibaloia); talde onenaren kategorian, Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis de Ugarte Bela Eskolako taldea; eta, azkenik, entrenatzaile onenaren kategorian, Fernando Oteo Fernandez (ping-ponga).

Foru-erakundeak 43 hautagaitza-eskari inguru jaso ditu 2020ko Bizkaia Kirolak Sarietako kategoria desberdinetarako. Herritarrek (pertsonek edo erakundeek) hautagaitzak aurkeztu eta defendatu dituzte, bereziki federazioek, klubek eta udalek.

Sarituen gaineko irizpena eman duen epaimahaiburua Lorea Bilbao diputatua da, eta honako hauek dira epaimahaikideak: Usue Zatika, Eusko Jaurlaritzako Kirolaren Zuzendaritzako teknikaria; Batirtze Ispizua, Gaztedi Sokatira Taldeko kirolaria; Kepa Rodriguez Mate, Bizkaiko Triatloi Federazioko presidentea; Paco Prieto, Bizkaiko Kirol Kazetarien Elkarteko kazetaria; Arantza Mardaras, Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuko teknikaria; eta Diana Nogales, Bilbo Futbol Salako kirolaria.

Kirolari eta talde gisa sailkatzeko, epaimahaikideek ezarritako irizpideak 2019. urtean zehar lortutako kirol-merezimenduak dira (Estatuko zein nazioarteko txapelketetan lortutako titulu nahiz dominak). Bestalde, entrenatzaile eta arbitroen kategorietan Bizkaiko oinarrizko kirola garatzeko egindako ekarpena eta lortutako kirol-merezimenduak (Estatuko zein nazioarteko txapelketetan parte hartzea) baloratu dituzte.

Erakundeei nahiz zuzendaritzako langileei dagokienez, Bizkaiko oinarrizko kirolari egindako ekarpena baloratu da.

Sarituak:

Naia Fernandez Veiga zuzendaritzako langilea

Kirolak, kasu honetan saskibaloiak, denbora eskaintzeko eta arduraz aritzeko prest dagoenarentzat garapen profesionaleko aukera ugari eskaintzen dituen adibide garbia dugu hau. 20 denboralditan baino gehiago jokatu du euskal saskibaloiko oinarrizko kategoria guztietan, eta bere garaipenen zerrendan nabarmentzen da Espainiako Unibertsitate Txapelketako txapeldun izatea, bai eta kadete nahiz junior kategorietan Estatuko txapeldunorde izatea ere. Era berean, 20 denboralditan aritu da entrenatzaile gisa zein kirol-zuzendari gisa, eta Bizkaiko Saskibaloi Federazioko gizonezkoen selekzioko lehen hautatzailea da. Kazetaritzaren esparruan, hainbat komunikabidetan aritu da, bai eta Espainiako Saskibaloi Federazioan ere, non Europako txapelketei, olinpiadaren aurreko txapelketei eta erreginaren kopei buruzko albisteak eman baititu. Gaur egun Lointek Gernikako eta Bizkaiko nahiz euskal saskibaloi-federazioetako prentsa-burua da.

Fernando Oteo Fernandez arbitroa

Bizi osoan ibili da Bizkaiko ping-pongean, jokalari nahiz entrenatzaile gisa hainbat klubetan, bai eta Bizkaiko Federazioko zuzendaritzako kide eta diruzain gisa ere; halaber, arbitro gisa aritu da oso noizbehinka. Curriculum zabala du, eta nabarmentzekoa da munduko eta Europako txapelketetan nahiz Bartzelonako paralinpiar jokoetan aritu dela; horrez gain, gaur egun Intsignia Urdina (Blue Badge) daukaten Estatuko hiru arbitroetako bat da, zeinaren bidez arbitrajeko nazioarteko titulaziorik altuena aitortzen baita.

José Mario López Villalibre entrenatzailea

Bere jaioterrian entrenatzen du, Gernikan, hain zuzen ere. Ibilbide luzea egin du bertan; emakumezkoen saskibaloiko oinarrizko kategoria guztietan jardun du, eta ezinbesteko oinarri izan da Gernika KESBko senior taldea Estatuko zein nazioarteko goi-mailako txapelketetan aritu dadin. Izugarrizko lan hori egiteaz gain, Euskadiko emakumezkoen hautatzaile absolutu gisa aritu da, bai eta Espainiako oinarrizko kategorietako hautatzaile gisa ere.

Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis de Ugarte Bela Eskola taldea

Abra Itsas Kirol Errege Klubeko eta Sporting Errege Klubeko Jose Luis Ugarte eskola 1991. urtean sortu zen, Bizkaiko gazteen artean bela arina sustatzeko xedearekin. Harrobiak egindako lanari esker, Nicolas Viar, Tomas Trueba, Manolo Rey-Baltar, Juan Olavarri eta Silvia Marcé kirolariek osatutako taldeak kategoriako lehen postua irabazi zuen 2019ko uztailean Getxoko uretan egindako J80 Munduko Txapelketan. Titulu horren aurretik Estatuko txapelketa irabazi zuten urte berean, Santanderren. Saria merezi dute 8 urtez estropadan batera aritu diren horiek.

Jone Magdaleno Albizu kirolaria

Bilbon jaio zen 1997. urtean, taekwondo egiten du 4 urte zituenetik; gaur egun Espainiako selekzioarekin bilduta dago Madrilgo Errendimendu Handiko Zentroan, olinpiar jokoetan lehiatzea lortze aldera. 2019. urtean honako titulu hauek lortu zituen:

  •  Urrea Kluben arteko Europako Txapelketan.
  •  Urrea Espainiako Unibertsitate Txapelketan.
  •  Urrea Europako Unibertsitate Txapelketan.
  •  Urrea Zagreb eta Poloniako Open txapelketetan

Espainiako egungo txapeldun absolutua da (62 kg), otsailaren 2an Kantabrian irabazi baitzuen titulua.

Berango Atletismo Taldea erakundea

Klub-eskola gisa definitzen dira, 1984. urtean sortu zenetik haren helburu nagusia izan baita pertsonak prestatzea, atletismoan arituz eta eguneroko zereginetan oinarritutako ardatz nagusietan egituratuz: balioetan heztea; bizitza osasungarrirako ohiturak sortzea; eta pertsona guztien zintzotasuna nahiz berdintasuna sustatzea. Horrez gain, lan hori osatzeko, bertako atletei Estatuko zein nazioarteko atleta bikainekin egoteko aukera eman diete; horretarako, Berangoko Nazioarteko Milia antolatu dute, zeina Estatuko milia onentzat jotzen baita eta zeinetan Berango herri osoak parte hartzen baitu. Herritik hasita mailarik gorenera iritsi daitekeenaren adibide ezin hobea da.

Finalistak:

  •  Zuzendaritzako langile edo laguntzaile onenaren kategorian: Aingeru Astorkiza y Gorka Santibañez, Naia Fernández Veiga, Julio Alegría Artiach eta Javier Cortés Pascual.
  •  Arbitro onenaren kategorian: Irene Ortiz Peña pilotako arbitroa, Fernando Oteo Fernández Mahaiko Teniserako arbitroa, Iñigo Zarate Larrea patinajerako arbitroa eta Rafael Ozaeta Oroño boxeoko arbitroa.
  •  Entrenatzaile onenaren kategorian: José Mario López Villalibre, Sergio López Carazo, Carlos Colmenero Firvida eta José Luis Salio Casquero.
  •  Talde onenaren kategorian: 180 Worlds 2019 Getxo bela-taldea eta emakumezkoen Askartza Claret senior taldea.
  •  Kirolari onenaren kategorian: Jone Magdaleno Albizua, Jorge Pineda Matabuena, Xabier de Velasco Vázquez (kanoa) eta Xabier Murias García (ziklo-kros).
  •  Kirol-erakunde onenaren kategorian: Bilboko Kirol Kluba, Arrigorriagako Abusu Arrantza eta Kasting Kirol Elkartea, Berango Atletismo Taldea eta Tximista Atletismo Taldea.