Eusko Jaurlaritzak Euskadiko I+G-rako 2021eko lehenengo bi laguntzak ireki ditu

0
  • Hazitek eta Elkartek programek 131 milioi euroko aurrekontua dute, iaz baino % 5 gehiago

 

Abenduaren 29tik aurrera aurkeztu ahal izango dira Euskadiko I+G-ko jarduerak -bai enpresek eta bai arlo estrategikoetako agente zientifiko-teknologikoek gauzatutakoak- bultzatzeko lehenengo bi programetarako eskaerak. Aurten 131,3 milioi euroko aurrekontua izango dute, iaz baino %5 inguru gehiago.  Programa horietako bat Hazitek da (91,3 milioi euroko aurrekontua), helburutzat duena euskal industria sendotzea Enpresen I+G-aren bidez, eta bestea Elkartek (40 milioi euroko aurrekontua), helburutzat duena Elkarlaneko Ikerketa sustatzea Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen barruan.

Geroago argitaratuko da Emaitek Plus programa, zeinaren helburua den teknologi zentroen eta ikerkuntza kooperatiboko zentroen (CIC) emaitzak eta gaitasunak hobetu eta merkatura bideratzea.

Hazitek

Aberduaren 29tik aurrera, euskal enpresek HAZITEK programaren 91,3 milioi euroko laguntzak (iaz baino %4,3 gehiago) eskuratu ahal izango dituzte euren I+G-ko jarduerak gauzatzeko.

Programaren azken helburua da euskal industria indartzea enpresen I+G-ko jardueren bidez, euskal ekoizpen-sarearen lehiakortasuna modu erabakigarrian bultzatuz eta inpaktu ekonomiko handia izan dezaketen emaitzak sortuz, horretarako laguntza emango zaielarik Euskal Autonomia Erkidegoko espezializazio estrategikoko esparruei eta merkatutik hurbilen dauden I+G-ren faseei.

Ohikoa den bezala, programa honek bi laguntza-lerro ditu: I+G-ko proiektu lehiakorrak garatzen laguntzeko lerroa eta I+G-ko proiektu estrategikoak garatzeko lerroa.

I+G-ko proiektu lehiakorrei laguntzeko lerroak 43,3 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, eta laguntzak emango ditu produktu berriak garatzera bideratuta dauden eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiaraztea helburu duten proiektuak bultzatzeko.

I+G-ko proiektu estrategikoak garatzeko laguntza-lerroak, berriz, 48 milioi euroko aurrekontua izango du aurten, hiru urtetan banatuta, laguntza-lerro honek urte anitzeko proiektuak sustatzen dituelako. Kasu honetan, diruz lagundu ahal izango dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planeko espezializazio-esparruetan jasotako ikerkuntza industrialeko eta garapen esperimentaleko proiektu estrategikoak, beti ere sektore publiko eta pribatuaren arteko lankidetza sustatzen badute, trakzio-efektua egiten badute Euskadiko ekonomian eta ETEen parte-hartzea bultzatzen badute.

Hala, laguntza jasoko dute produktu, prozesu edo zerbitzu berri edo hobeak lortzeko ezagutza erabilgarriak sortzera bideratutako jarduerek, bai eta izaera estrategikoko teknologia berriak integratzera eta oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak sortzera bideratutakoek. Helburua beti izango da lanpostuak sortzea, euskal enpresa-sarea dibertsifikatzea, eta enpresa-lehiakortasuna hobetzea.

2020ko deialdiaren bidez laguntza eman zitzaien 848 proiektutan parte hartzen duten 1000tik gora enpresari, horietatik 35 proiektu estrategikoak direlarik.  

Euren I+G-ko proiektuak HAZITEK programaren hurrengo deialdian aurkeztu nahi dituzten enpresek aukera dute hala egiteko 2021eko martxoaren 12ra arte, SPRIren web orrian sartuta.

Elkartek

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak 40.000.000€ (iazko deialdian baino %5 gehiago) bideratuko ditu arlo estrategikoetan elkarlaneko ikerketa sustatzeko laguntza-programara, hots, ELKARTEK programara. Proiektuak 2021 eta 2022 ekitaldietakoak izan daitezke.

ELKARTEK programa Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Planaren barruan sartzen da, eta helburutzat du elkarlaneko ikerketa (oinarrizkoa nahiz industriala) sustatzea arlo estrategikoetan. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Ingurumen eta Jasangarritasun Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak deitutako laguntza hauek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratutako agente zientifiko-teknologikoei zuzentzen zaizkie.

Programa honek hiru motatako proiektuak laguntzen ditu: 1) ZTBESeko 3 motatako agenteek elkarlanean egindako funtsezko ikerketa-proiektuak, beraizik bideratuta daudenak RIS3-PCTI 2030 planeko hiru lehentasunen barnean sartzen diren arloei buruzko ezagutzak zabaltzera; 2) industria arloan potentzial handia duten ikerketa proiektuak –funtsezko ikerketa orientatuko proiektuak edo ikerketa industrialekoak–, enpresetako I+G-ko unitateek gidatuak, lankidetzan arituz trakzio-indar handia eta merkatura iristeko ahalmen handia duten ZTBESeko beste agente batzuekin, eta bat etorriz PCTI 2030 planeko espezializazio arloekin; eta 3) interes bereziko ekintza osagarriak, eskaintza-eskariko bitartekaritza-organismoek eta zabalkunde-organismoek esklusiboki garatutako funtsezko ikerketako edo ikerketa industrialeko proiektuekin lotuak. Proiektu horiek bakarka edo ZTBESeko beste agente batzuekin lankidetzan garatuko dira, betiere PCTI 2030 planeko espezializazio arloekin bat etorriz, eta honako hauek dira: azterlanak egitea, zaintza teknologikoa, lankidetza teknologikoa ahalbidetzeko ekintzak, I+G+B-ko proiektuak prestatzeko aholkularitza, ezagutzaren transferentzia eta balorazioa, eta I+G+B-ko nazioartekotze-jardueretako partaidetza sustatzea.

ZTBESeko agenteek SPRIren web orrian aurkeztu ahal izango dituzte euren eskaerak abenduaren 29tik otsailaren 26ra bitartean.