Aldundiak bizikletak konpontzeko 6 gune instalatu ditu Bizkaiko udalerrietan

0

Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak bizikletak konpontzeko 6 gune instalatu ditu Bizkaiko udalerrietan, libreki eta doan erabiltzeko, txirrindulariek beren bizikletetan konponketa txikiak eta mantenu-lanak egin ahal izateko beharrezko tresnekin hornituak; besteak beste, gurpilak puztu edo aldatu, torlojuak estutu, balaztak doitu edo zulaketak konpondu ahalko dituzte.

Kokalekuak bi irizpideren arabera aukeratu dira: hiriguneetan eta erabilera handiko bidegorrien ondoan egotea.

  1. Zierbena: La Arenan, Aldundiaren bidegorriaren hasieraren ondoan.
  2. Santurtzi: Zierbenarekin duen mugan, udalerri bien artean eraiki den Aldundiaren bidegorri berriaren ondoan.
  3. Portugalete: Aldundiaren bidegorriko bidezubiaren ondoan, Ganerantz parkearen beheko eremuan.
  4. Sestao: Aldundiaren bidegorriaren ondoan, Galindoko kirol-instalazioen eremuan.
  5. Barakaldo: BECen eta Metro Bilbaoren Ansioko geltokiaren arteko eremuan, udal-bidegorriaren ondoan.
  6. Getxo: Udal-bidegorriaren ondoan, Fadurako kiroldegiaren eremuan

Sei bizikletagune berrietan, pneumatiko-estalkiak muntatu eta desmuntatzeko bihurkinak, giltza ingelesak, giltza finkoak, allen giltzak eta lanabesak daude. Puzteko, mahuka eta balbula bidezko konektoreak dituzte, puzteko eskuzko sistema batekin eta airearen presioa kontrolatzeko manometroarekin. Gainera, ura dosifikatzen duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera dago. Lan horiek guztiak erosotasunez egin daitezke; izan ere, zutoinak berak eusteko besoak ditu bizikleta zintzilikatzeko, haren elementuetan lan egiten den bitartean. 20 x 20 cm-ko neurriak dituzte, eta 1,40 m-ko altuera.

Portugaleten, non gaur goizean ekimen hau aurkeztu den, bizikletak garbitzeko instalazio bat ere badago, udalak berak jarria.

Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak udalerriko alkate Mikel Torresen aurrean azaldu duenez, Bizkaian bizikletaren erabilera sustatzeko foru-estrategiarekin bat datorren jarduera da. Zehazki, Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Zuzendaritzak esleituta duen eskudantzietako bat bizikleta-bideen azpiegitura osagarriak hobetzea da. Bizikletaguneak jardunean mantentzeko egin beharreko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak berak egingo ditu.

QR KODEA

Foru-sailak udalekin adostu ditu deskribatutako kokalekuak; izan ere, kasu guztietan, Santurtzin izan ezik, bizikletak mantentzeko guneak udal-titulartasuneko lurzoruan daude. Santurtziren kasuan, lurzoruaren titulartasuna Bilboko Portuko Agintaritzari dagokio, zeinak nahitaezko baimena eman baitu, baina ur-hornidurako instalazioak udalaren eskumenekoak dira.

Bizikletaguneko zutoinak «Bizkaia» markarekin eta kasuan kasuko udalaren logotipoarekin identifikatuta daude. Gainera, QR kode batek gunearen funtzionamendua ezagutzeko aukera emango du, eta beste QR kode batek Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletari buruz eskura duen informazioa eskuratzeko aukera emango du, «Bizkaia bizikletaz – Bizkaia en bicicleta» atalaren bidez.

Lehen esperientzia pilotu honetan egindako inbertsioa 33.854,51 € da, bizikletak mantentzeko, zutoinak hornitu eta jartzeko eta urtebetez behar diren mantentze-lanak egiteko eremuak egokitzeko obrak barne.

Lehen instalazio-sorta horretatik abiatuta, eta hilabete batzuetan zehar, instalazioen erabilera-mailaren eta osagaien erresistentziaren eta iraunkortasunaren jarraipena egingo da, eta erabiltzaileen iritziak jasoko dira, 2021ean Bizkaian interesgarritzat jotzen diren gune gehiago hornitzen jarraitzeko.

Gómez Viarrek adierazi du espero dutela erabiltzaileek eta, oro har, herritar guztiek mota horretako instalazioak norberarenak balira bezala jasotzea, behar bezala erabiltzea eta egokitzat jotzen dituzten hobekuntza-proposamenen berri ematea.