Bizkaiako Foru Aldundiak 649 enpresari lagundu die 2020an euren berritzeko eta nazioartekotzeko planetan

0

Ekonomia Sustatzeko Sailak 649 enpresari lagundu die 2020an, berrikuntza sustatzeko eta euren nazioartekotze-planak errazteko programen bidez. Zehatzago esanda, 2i, 3i, Elkarlanean, Nazioartekotzea, Berrindartze Adimenduna, Azterketa Teknologikoak eta Kudeabide programak 649 enpresaren proiektuak laguntzeko euskarriak izan dira, guztira 72 milioi euroko balioarekin. Horretarako Bizkaiko Foru Aldundiak 15 milioi euroko dirulaguntza inbertitu du guztira, hau da, laguntza jaso duen enpresa bakoitzeko 23.112 euroko batez besteko dirulaguntza.

Urtea ixtean aztertutako 7 programetatik bat premiazko suspertze-planaren barruan abian jarri den programa berria da. Berrindartze Adimenduneko plana da; plan hau 15.000 eurorainoko laguntza zuzenen programa gisa diseinatu da, jarduera eta negozio-eredua digitalizaziora, ekonomia zirkularrera edo ingurumen-inpaktuaren murrizketara bideratzeko.

Ildo horretatik, Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, azpimarratu du lurraldeko bostehun enpresak baino gehiagok euren berrikuntza- eta nazioartekotze-proiektuak aurrera eramateko apustua egin dutela ziurgabetasunak eta jarduerari eusteko likideziari laguntzeko neurriek markatutako urte honetan. Pandemiak eta bere ondorioek ezinbestean markatutako ekitaldi honetan, Bizkaiko enpresek berrikuntzaren aldeko apustua egiten jarraitu dute, lehiakortasunaren ardatz gisa. Koronabirusak eta bere ondorioek sektore eta enpresa asko egokitzera behartu dituzte. Eta guk ulertu dugu enpresa-sarearen egokitzapena eta biziraupena ezinezkoa izango dela berritu gabe, digitalizatu gabe eta bidelagun berriak eta merkatu berriak aurkitu gabe. Berrikuntzak ardatz nagusi eta funtsezko izaten jarraituko du Bizkaiko Foru Aldundian ekonomia sustatzeko programetan. Eta digitalizazioa da 2021eko ekitaldi berriko beste protagonista nagusia, azaldu du Ainara Basurkok.

18 milioi euro enpresei laguntzeko programetan 2021ean

Ekonomia Sustatzeko Sailaren 2021erako aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztean aurreratu zen bezala, datorren ekitaldian enpresentzako laguntza-programa eta -zerbitzuetarako partidak gehituko dira. Guztira 18 milioi euro baino gehiago inbertituko dira. Berriz ere 2i, 3i, Nazioartekotzea, Nazioarteko Partzuergoak, Azterketa Teknologikoak, Elkarlanean eta Kudeabide laguntza-programak argitaratuko dira, eta 3 programa berri abiaraziko dira: Bizkaia aurrera! Planaren barruan sartu den merkataritza suspertzeko programaren egokitzapena; digitalizazioa eta iraunkortasuna bultzatzeko programa berri bat; eta Bizkaiko zentro teknologikoei zuzendutako programa berri bat, proiektuak garatzeko eta ezagutza lurraldeko ETEei transferitzeko.