Ertzaintzak eta udaltzaingoek 1.424 isun jarri dituzte Urtezahar egunean eta asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Urtezahar egunean eta joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 1.424 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik.  Horietatik erdia baino zertxobait gutxiago –667– zirkulazio-askatasuna eta gehienez seiko taldetan elkartzeko muga ez errespetatzeagatik jarri dituzte. 

Ertzaintzak eta udaltzaingoek Urtezahar egunean eta asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.424 isun bideratu dituzte Urtezahar egunetik igandera bitartean. Horietako gehienak, 667, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte. Eta horietatik 442 isun, zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 303 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 156 isun jarri baitituzte. Aipagarria izan da ostalaritzan eta jatetxeetan aforoei buruz ezarritako araudia ez betetzeagatik jarritako isunen kopurua, 142 jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 237 isun Araban, 723 Bizkaian eta 464 Gipuzkoan.