Gabonak familian eta euskeraz pasatzeko, hainbat ekintza antolatu ditu Dobera Euskara Elkarteak, hiru aste hauetan. Eta egitarau horri errematea, gaur jarriko diote, Apaxi ipuin kontalariaren eskutik. Biteri kultur etxean eskainiko du ipuin kontaketa saioa, goizeko 11:00etan. Doakoa izango da sarrera.
Oporraldi honetan, gorputza mugitzeko aukera izan dute haurrek, euskal zunbarekin; buruarinak egiten aritu dira; pistak jarraitu behar izan dituzte altxorra bilatzeko; eta eskulanak ere egin dituzte.
Egitarauko azkeneko saio honetan, aldiz, lasai eseri eta Apaxiren ipuinekin gozatzeko gonbitea luzatu die Doberak herriko gaztetxo guztiei, Gabonetako oporraldiari bukaera polita emateko elkarrekin.