Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Sailak bizikletak konpontzeko 6 gune instalatu ditu Bizkaiko udalerrietan, libreki eta doan erabiltzeko, txirrindulariek beren bizikletetan konponketa txikiak eta mantenu-lanak egin ahal izateko beharrezko tresnekin hornituak; besteak beste, gurpilak puztu edo aldatu, torlojuak estutu, balaztak doitu edo zulaketak konpondu ahalko dituzte.
Kokalekuak bi irizpideren arabera aukeratu dira: hiriguneetan eta erabilera handiko bidegorrien ondoan egotea.
Zierbena: La Arenan, Aldundiaren bidegorriaren hasieraren ondoan.
Santurtzi: Zierbenarekin duen mugan, udalerri bien artean eraiki den Aldundiaren bidegorri berriaren ondoan.
Portugalete: Aldundiaren bidegorriko bidezubiaren ondoan, Ganerantz parkearen beheko eremuan.
Sestao: Aldundiaren bidegorriaren ondoan, Galindoko kirol-instalazioen eremuan.
Barakaldo: BECen eta Metro Bilbaoren Ansioko geltokiaren arteko eremuan, udal-bidegorriaren ondoan.
Getxo: Udal-bidegorriaren ondoan, Fadurako kiroldegiaren eremuan
Sei bizikletagune berrietan, pneumatiko-estalkiak muntatu eta desmuntatzeko bihurkinak, giltza ingelesak, giltza finkoak, allen giltzak eta lanabesak daude. Puzteko, mahuka eta balbula bidezko konektoreak dituzte, puzteko eskuzko sistema batekin eta airearen presioa kontrolatzeko manometroarekin. Gainera, ura dosifikatzen duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera dago. Lan horiek guztiak erosotasunez egin daitezke; izan ere, zutoinak berak eusteko besoak ditu bizikleta zintzilikatzeko, haren elementuetan lan egiten den bitartean. 20 x 20 cm-ko neurriak dituzte, eta 1,40 m-ko altuera.
Portugaleten, non gaur goizean ekimen hau aurkeztu den, bizikletak garbitzeko instalazio bat ere badago, udalak berak jarria.
Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak udalerriko alkate Mikel Torresen aurrean azaldu duenez, Bizkaian bizikletaren erabilera sustatzeko foru-estrategiarekin bat datorren jarduera da. Zehazki, Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Zuzendaritzak esleituta duen eskudantzietako bat bizikleta-bideen azpiegitura osagarriak hobetzea da. Bizikletaguneak jardunean mantentzeko egin beharreko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak berak egingo ditu.