Bizkaiko Foru Aldundiak oinarrizko kirolean egindako lana goraipatu du Bizkaia Kirolak Sarien hamabosgarren edizioan

0

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak eta Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bizkaiko oinarrizko kirolaren lana aintzatetsi nahi izan dute Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekitaldi intimoan.

Unai Rementeriak Bizkaian kirolaren arloko pertsonek eta erakundeek egiten daben beharra goraipatu dau. «Egoera honegaz, egia esan, gatxa da edozer egitea. Zer esango dogu zuen jarduereari, kirol jarduereari, jagokonez. Baina arazoak gainditutearen adibidea be bada. Hobetuten jarraituteko errealidadera egokitzearen adibide bat. Bakoitza bere diziplinan. Baina arrakastan ez gara ahaleginagaz akordaten. Eta hori da azpimarratu gura dodan unea’. Ahaldun Nagusiak Bizkaia Kirolak Sarien finalistei gogorarazo gura izan deutsie ‘sariak zuen ekintzen ondorio dirala. Eta handiak zarie zuen diziplinetan  zarienagaitik eta egiten dozuenagaitik’.

Bestalde, Lorea Bilbaok hauxe adierazo dau: ‘Inguruabarrak gorabehera, Bizkaiko Foru Aldundiak aitorpen publikoa egin gura izan dau Bizkaian oinarrizko kirolak egin dauan eta une honeetan egiten dauan beharra eta ahalegina aintzatesteko. Finalera iritsi diran hautagaiak Bizkaiko kirol sistemearen ordezkaritza bikaina dira. Une oso latza pasaten dauan kirol-sistemea da baina seguru gaindituko dauala abagune hau, gaindituko dogula, Bizkaiko kirola osatzen daben pertsonek eta erakundeek daukien talentua eta energia kontuan hartuta.’ Bilbaok, ostean,  esan dau ‘Guretzat funtsezkoa da oinarria sendoa eukitea talentu handiz betetako kirol-sare indartsua eregiteko; horregaitik da hain garrantzitsua gure lurraldean oinarrizko kirolak daukan mailea.’ Amaituteko esan dau «Bizkaiko kirolak etorkizuna ziurtatuta daukala, gaur egun lorpen handiak ereiten zagozealako».

Bizkaia Kirolak Sariak kirol-aitorpenerako ekitaldi bat da eta, horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiak, urtero, lurraldeko oinarrizko kirolean dagoen talentua eta kalitatea ikusarazi eta balioetsi nahi ditu. Hamabosgarren edizio honetan 2019.urtean lortutako kirol-merezimenduak hartu dira kontuan.