Emakumeen Esku-pilotako III. Bizkaia Txapelketa jokatuko da urtarrilean

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeen esku-pilotako txapelketaren hirugarren edizioa antolatu du. Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatuak Bizkaia Txapelketaren edizio berria aurkeztu du txapelketan jokatuko duten pilotariekin batera.

Hamabi pilotarik bikoteka jokatuko dute hiruko bi taldetan, eta talde bakoitzeko irabazleak aurrez aurre izango dira finalean, eta bigarrenek hirugarren eta laugarren postuak jokatuko dituzte. A taldeko bikoteak honako hauek dira: Amaia Alday – Oihana Orbegozo, Miren Larrarte – Gentzane Alday eta Leire Garai- Maite Ruiz de Larramendi. Beste aldetik, B taldea osatzen duten bikoteak honako hauek dira: Iera Agirre- Arrate Bergara, Olatz Arrizabalaga- Naroa Agirre eta Ainhoa Ruiz de Infante- Olatz Ruiz de Larramendi.

Lorea Bilbao diputatuak azaldu duenez `Bizkaia Torneo hau kirolaren esparruan be egoera gatxean murgilduta aurkezten dogu; frontoiak be hutsik dagoz pandemia-egoereagaitik.  Zelan edo halan kapaz izan behar dogu pelotariei ikusleen berotasuna itzultzeko edo sentiduarazoteko urtarrileko partidetan; frontoia hutsik egongo da, partidak ateak itxita jokatuko dira, baina partidak beste kanal batzuetatik jarraitu geinkez.´

Sei bikoteek jokatuko dute Bizkaia Txapelketa urtarrilaren 8an, 15ean eta 22an, 19:00etan; eta urtarrilaren 31n, igandean, 12:00etan, finala jokatuko da, ateak itxita, eta zuzenean emango da ETB1en. Partida guztiak Bizkaia Frontoian jokatuko dira eta guztiak jarraitu ahalko dira zuzenean Bizkaia Frontoia Facebook katearen bidez.

Materialari dagokionez, pilotariek pilota mistoarekin jokatuko dute lehenengoz.

Lorea Bilbaok aurkezpenean zera adierazi du `Bizkaia Torneoa emakume pelotariei partidak lehiatuteko, jokatuteko eta euren joko kalidadea eta profesionaltasuna kantxan erakusteko aukera emoteko sortu da. Emakume pelotari oso onak daukaguzalako, oso kirolari onak. Ea ahalik lasterren heltzen garen kirolari bezala baloratzera, eta ez emakume kirolari bezala. Edota bestela gizonezko kirolari eta emakume kirolari esaten hasi. Biak ala biak dira kirolariak, biak ala biak behar doguz sendo eta lehiakor, biak ala biak behar doguz gure kirolak, gure herriak aurrera egin daian, biak ala biak behar ditu pilotak.´ Bilbaok gaineratu du `Horregaitik gure lurraldean pelotearen arloan daukagun zaletasun handiak frontoira be heldu behar dau andrazkoek be jokatzen dabenean, euren jokoak merezidu daualako. Ezinbestekoa da erreferenteak sortutea, gero eta emakume eta neska gehiagok pelotan jokatutea erabagi daien, holan hain geurea dan kirola indartzen lagunduz.´