Marcelinoren aurkezpena

0

Marcelino Garcia Toral Athletic Clubeko entrenatzaile berriak gaur arratsaldean aurkeztu du bere burua San Mamesen, Bartzelonaren aurka egingo duen debutaren bezperan. Aitor Elizegi presidente zuri-gorria eta Rafa Alkorta kirol zuzendaria harekin batera azaldu dira Jose Iragorri prentsa aretoan egindako ekitaldian.

Aurkezpenaren hasieran trafiko istripuan hildako Aitor Gandiaga Gernikako jokalaria eta Basconiako jokalari ohiaren familia gogoratu du Elizegik. Horren ostean, Gaizka Garitanori eskerrak eman dizkio “publikoki bi urteko lana, konpromisoa, kirol arloan hazten lagundu digulako. Objektiboki, plantila hau nola aurkitu genuen… giza mailan ez dut beharrezko hitz guztiak esango. Eskerrik asko Gaizka!”. “Ezinezkoa da giza maila horretako pertsona bat irteteko datarik aurkitzea”, eta jarraian esan zuenez “hazteko bidea dago. Gaur Athletic aukeratu duen entrenatzaile bat daukagu, eta gure indarrak ezagutzen ditu”.

Dena oso azkar egin dela esan du Marcelinok: “Athletic oso klub handiaren aukera sortu zen, eta azkar erantzun behar duzu. Ideiak erakartzen gintuen. Futboleko edozeinek badaki zer esan nahi duen Lezamak eta estadio handi honek, eta Athletic Cluben esanahia Liga honetan. Proiektu zoragarria da”.

“Gaizkak errespetu osoa merezi du eta oso lan ona egin du, egoera larrian hartu zuen taldea. Lasai nago berarekiko errespetu handia izan dudalako, dena bat-batean egin da. Esperientzia polit hau bizitzera etorri behar zen”, azaldu du asturiarrak.

“Athleticen balioak argi daude. Hona etortzen nintzenean beti sufritzen nuen, talde bizia, dinamikoa, azkarra, bizkorra eta handinahia da. Hori da inguru honek eskatzen duena. Antzekotasun handia dugu pentsamenduan. Athleticen harrobia oso emankorra da eta gazte horiei bidea emango diegu. Pultsuak ez dit dar-dar egingo, zuzen izaten saiatuko naizelako. Badakit non natorren eta zein den hemengo filosofia”.

Barçaren aurka, “oso partida zaila espero dut. Zailtasunean jarri behar dugu, espazioak itxi eta aukerak sortu. Normalena haiek baloi gehiago izatea da, ilusioa duen taldea izan behar dugu”.

Bestalde, Alkortak adierazi duenez, “hazten jarraitzeko eskatzen diogu, Gaizkarekin hazi gara. Marcelino asmo handikoa da, pertsona egokia”.