Arabako Foru Aldundiak enplegu publikoko 80 plaza deituko ditu 2021ean

0

Arabako Foru Aldundiak, 2021ean, 80 plaza aterako ditu guztira oposizio-lehiaketara, Administrazio Orokorreko plantillako erdi eta goi mailako teknikarien (A taldea) eta langile espezialisten (C taldea) beste horrenbeste plaza huts betetzeko. Hautaketa prozesua, aurreikuspenen arabera, urtearen bigarren erdian hasiko da, eta 2019ko enplegu publikoaren eskaintza (57 plaza) eta 2020ko enplegu publikoaren eskaintza (23 plaza) deituko dira batera.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatu Cristina Gonzálezek horren berri eman du gaur prentsaurrekoan, 2020ko enplegu publikoaren eskaintza berriaren xehetasunak azaldu ondoren. 2020ko EPEak 23 plaza ditu guztira: Ekonomia eta Enpresa (1), Zuzenbidea (4), administrazio orokorreko erdi mailako teknikaria (8), automozioko teknikari espezialista (9) eta txoferra (1).

“Lanean dihardugu, foru plantillako 23 plaza horietarako hautagaiak hautatzeko prozesua 2021eko bigarren erdian hasteko, pandemiaren bilakaeraren arabera betiere. Hautaketa prozesu horretan 2019ko enplegu publikoaren eskaintzako A eta C taldeetako 57 plazak ere sartuko dira, eta, beraz, guztira, 80 plaza izango dira”, azaldu du.