Bilboko Udaltzaingoa lankidetzan arituko da merkataritzako sektorearekin

0

Bilboko Udaltzaingoak, uriko merkataritza-sektorearekin ados jarrita, informazio-kanpaina bat jarri du abian, saltokietan autobabeserako neurriak sustatzeko eta lapurretak eta ebasketak minimizatzeko, batez ere merkealdietan eta jendetza handiko garaietan.

Auzo Ikuskaritzetako udaltzainek emango dituzte jarraibide horiek saltokietan, eta informazio mota hori jasotzen duen udal-liburuxka ere banatuko dute berriro.

Autobabes-neurri horien artean, Herritarren Segurtasuneko Sailak hauek nabarmendu ditu: lokalaren ingurua begiz ikuskatzea ireki eta itxi aurretik, pertsona edo ibilgailu susmagarririk dagoen ikusteko; ateak eta pertsianak ikuskatzea, lapurreta-markarik edo aztarnarik dagoen ikusteko. Horrelakorik antzemanez gero, berehala jakinarazi beharko litzaioke Udaltzaingoari, 092 zenbakiaren bidez.

Era berean, lokaleko sarrailak eta ateak egoera onean izatea gomendatzen da; horrez gain, kutxa erregistratzailea mostradoretik bereizi eta dendako langileen begibistan eduki behar da beti. Era berean, kutxan diru gehiegi ez pilatzea eta bildutako dirua sartu behar denean kontuz ibiltzea gomendatzen da.

Lapurreta gertatuz gero, Udaltzaingoak adierazi du oso garrantzitsua dela lasaitasuna izatea, aurre egitea saihestea eta lapurraren ezaugarri fisikoak, tatuajeak, jantziak eta lapurra identifikatzeko balio dezaketen bestelako datuak gogoratzea.

Bestalde, Udalak gogorarazi nahi du, ebasketak, lapurretak edo saltokietan eragindako kalteak establezimenduan bertan salatu daitezkeela, biktimak polizia-etxera joan beharrik izan gabe. Horrela, horrek dituen eragozpenak saihesten dira, batez ere denda txikietako titularrentzat, askotan lokala itxi beharko bailukete salaketa jartzera joateko.

Polizia-etxera joan beharrik gabe salaketa jartzeko aukera dago, halaber, egile ezezagunek esparru publikoan egindako ebasketa- edo kalte-delitu arinen kasuan.

Horrelakoetan, jarduneko udaltzainek –salaketaren akta aldean daramate- delitua gertatu den lekuan atenditzen dituzte biktimak.

Beste alde batetik, bide hau erabilita salaketa jarri ahal izateko baldintza bakarra da salaketa-egilea adinez nagusia izatea.