Ertzaintzak eta udaltzaingoek 422 isun jarri dituzte Errege egunean eta bezperan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Urtarrilaren 5ean eta 6an Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 422 isun jarri zituzten Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik gehienak, oraindik ere, maskararen nahitaezko erabilera ez betetzeagatik eta zirkulatzeko askatasunean ezarritako muga eta gehienez seiko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.  

Azken bi egunotan, Errege egunaren bezperan eta Errege egunean, Ertzaintzak eta udaltzaingoek berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak saihesteko eta gainerako osasun-arauak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 422 isun bideratu dituzte. Horietako gehienak, 159, alegia, maskararen nahitaezko erabilera ez betetzeagatik edo maskara behar bezala ez erabiltzeagatik jarri dituzte eta beste 153 mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik. Azken horietatik 104 gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, bi egun hauetan 50 isun jarri baitituzte. Horrez gainera, 22 isun jarri dituzte ostalaritzako establezimenduetako eta jatetxeetako ordutegiak ez betetzeagatik. Gainerako isunak, gutxi batzuk, beste kontzeptu batzuengatik jarri dituzte.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 105 isun Araban, 220 Bizkaian eta 97 Gipuzkoan.

30 isun Ondarroan eta Tolosan arauak ez betetzeagatik

Ertzaintzak osasun-araudiak urratzen ari ziren hainbat egoeratan esku hartu zuen Errege egunaren bezperan, urtarrilaren 5 gauean. Ondarroako plaza batean 12 pertsona identifikatu eta zehatu zituzten herritarren babeserako agenteek, kalean alkoholdun edariak kontsumitzeagatik. Bestalde, Tolosan beste 18 pertsonari jarri zizkieten isunak ostalaritza-establezimenduak ixteko ezarritako ordutegia urratzeagatik.

Gau horretan bertan, Donostian taberna bat aurkitu zuten zabalik baimendutako ordutegitik kanpora, eta 6 pertsonari zigor-aktak ireki zizkieten gauerdian kalean egoteagatik. Establezimenduaren arduradunari ere jarri zioten isuna ezarritako ordutegitik kanpora lokala irekita izateagatik.