Astebetez atseden hartu ondoren, gaur ekingo dio Hernaniko Gaztelekuak, urte berriko egitarauari. Ez dira Gaztelekura bueltatuko oraindik, hala ere: lokalean obrak egiten ari direla eta, herriko txoko ezberdinetan izango dituzte ekintzak, gaurtik urtarrilaren 21era bitartean: Biterin, Plaza Feministan eta kiroldegian, hain justu.
Lokala berritzeko obrak dira, Gaztelekuan egiten ari direnak: paretak konpondu eta margotu, leihoak aldatu, altzari berriak jarri… Eta lokal berritua, hilaren 22ko eta 23ko arratsaldeetan ezagutzeko aukera izango dute gazteek. Egun horietatik aurrera bueltatuko dira lokalera.
Bitartean, kokaleku ezberdina baina betiko martxa izango dute Gaztelekuko ekintzek. Datozen egunetan, esaterako, tailer ugari prestatu dituzte: txapa tailerra egingo dute bihar Biterin, iman tailerra datorren asteazkenean Plaza Feministan, eta giltzarri tailerra ostegunean eta ostiralean Biterin.
Kiroldegian, berriz, jolasetan eta badmintonean arituko dira, datozen bi larunbatetan. Eta Santa Barbarara ere egingo dute irteera, hilaren 17an.