«Lagundu San Frantziskoko Gure Euskal Etxeari» kanpainak 4.000 dolarretik gora bildu ditu

0

San Frantziskoko Gure Euskal Etxea edo Basque Cultural Center erakundeak kanpaina abiarazi zuen duela hogei bat egun dirua biltzeko Covid-19ek eragindako pandemia egoerak ekarri dizkion galera ekonomikoetan lagungarri. «Support the San Francisco Basque Cultural Center» (Lagundu San Frantziskoko Gure Euskal Etxea) izenpean, ekimenak 4.124 dolar bilduak zituen informazio hau idazteko momentuan.

Kanpaina arrazoitzerakoan, antolatzaileek, irabazi asmorik gabeko euskal-amerikar elkarte honek azkeneko ia 40 urteetan (datorren urtean beteko ditu) egin duen ibilbide aberatsa aipatzen du, Badia aldeko euskal kulturaren gordailu eta euskaltzaleen biltoki eta heien ekimenen agerleku, bertan egin diren ekitaldien artean azpimarratuz hamaika besta eta elkarretaratzeak, euskara eta dantza klaseak, euskal film emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, pilota eta kirol errepika eta partidak, musa eta klika, besteak beste.

«Zoritxarrez, COVID-19 pandemiak gogor kolpatu du zentroa», azaltzen dute. «Irabazi asmorik gabeko gure elkartearen finantzazio iturri nagusia jatetxea da, Frantziako eta Espainiako egiazko euskal sukaldaritza eskaintzen duena, eta pandemiari lotutako itxiera eta murrizketek zeharo trabatu dute», hala nahi dutenei dohaintza bat eskatuz.