Mugikortasun seguruari buruzko beste jardunaldi bat egingo dute Barakaldon

0

Babes Zibileko eta Barakaldoko Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Ángel Madrazok gaur azaldu du mugikortasun seguruari buruzko beste jardunaldi bat egingo dela urtarrilaren 10ean, igandean. Ekimen hori 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, eta Gabonetan Baraka Bike Txirrindulari Klubarekin elkarlanean egin diren bi jardunaldiek izan duten eskaera handiaren ondorio da.

Madrazok zehaztu duenez, jardunaldietan aurreikusitako parte-hartzaile kopurua  gainditu da; beraz, Baraka Bike Txirrindularitza Klubaren webgunean jasotako eskaerak ikusita, beste jardunaldi bat  egitea aurreikusi da ikasle gehiagok parte hartzeko aukera izan dezaten.  «Harrigarria iruditu zaigu, egun hauetako eguraldi txarrarekin ere, eskaria egin duten ia guztiak bertaratzea», baloratu du.

Aurreko aldietan bezala, goizeko ordutegian egingo da.  Txanda bakoitzean, gehienez ere, sei parte-hartzaile egongo dira, jende-pilaketak saihesteko eta Covid-19ren kutsatzeei aurrea hartzeko osasun-agintariek ezarritako arauak errespetatzeko.

Jarduera egiteko, nahitaez maskara erabili beharko da.  Sarreran, parte-hartzaileei tenperatura hartuko zaie eta, txanda batetik besterako tartean, erabilera komuneko elementu guztiak desinfektatuko dira.

Ángel Madrazok Baraka Bike Txirrindulari Kluba zoriondu nahi izan du jardunaldi hauetan egin duten lanagatik. Izan ere, mugikortasun seguruari buruzko kontzeptu orokorrak, modu pedagogikoan eta bertaratuen adinaren arabera, eman dituzte.

«Jardunaldiak argi eta garbi eman dituzte, ibilgailuen ¿ kasu honetan, bizikleten ¿ erabilera seguruari buruzko gaiak nabarmendu dituzte, adingabeek etorkizunean mugikortasun seguru eta jasangarria ekarriko duten kontzeptuak barneratu ditzaten», azaldu du Herritarren Segurtasuneko arduradunak.