Euskadi organo-ematean abangoardian dago mundu mailan

0

2020 urtean, Euskadin emaileen tasa 51,3-koa izan da, pandemiak eragindako zailtasunak gorabehera, eta Euskadin urteko organo-ematearen batez besteko tasak 2000. urtetik milioi bat biztanleko 40 emaileren batez bestekoa gainditzen du; halakorik ez du sekula lortu herrialde batek ere. Gotzone Sagardui Osasuneko Sailburuaren iritziz datu horiek oso positiboak dira; izan ere, munduko gainerako herrialdeetan erregistratutakoen gainetik daude, eta, hala, Euskadin abangoardian dago organo-ematean nazioarte-mailan.

Sailburuak eskerrak eman dizkie osasun-eremuko profesionalei eta programa hau sustatzen duten osasun-eremuaz bestelako profesionalei (epaileak, mediku-forentseak, organoak garraiatzeko taldeak, epaitegietako langile laguntzaileak, aireportuetakoak, SOS-DEIAK, Ertzaintza…); haiek gabe, emaitza horiek lortzea ezinezkoa izango zatekeen. Argi dago Euskadiko gizarteak eta, bereziki, emaileen familiek esker ona merezi dutela; izan ere, datu horiek ez lirateke posible izango beren eskuzabaltasunik eta konpromisorik gabe.  Sailburuak gaixoen elkarteak ere ekarri ditu gogora, sentsibilizazioaren eremuan egiten duten lanagatik; izan ere, funtsezkoa da, halaber, Euskadiko gizartearen elkartasun-kota altuak eta etengabeak ulertzeko.

ORGANO-EMATEEN BILAKAERA ETA PANDEMIARA EGOKITZEA

Azken hamar urteotan, asistoliako emate-programak hasi eta sustatu dira (alegia, heriotza diagnostikatzen zaion pertsona batetik datozenean), eta 2020an guztizkoaren % 44 izan dira, Estatuko batez bestekoaren gainetik, bai eta emate-mota horretan aktiboenak diren herrialdeetako batez bestekoaren gainetik ere, besteak beste: Belgika (% 29,5) edo Erresuma Batua (% 39,8).

Nabarmentzekoa da, halaber, gero eta familia gehiagok dutela erantzun positiboa organo-emateen inguruan. Horrela, 80ko hamarkadaren erdialdean elkarrizketatutako 10 familiatik 7 organo-emateen alde zegoen eta, azken hamarkadan, ratio hori handitu egin da eta 10 familiatik 9 daude alde. Emaileen heriotzen % 50 istripu zerebrobaskularraren ondorio da eta % 15, garezur eta garuneko traumatismoaren ondorio (% 4 trafiko-istripuagatik).

Era berean, milioi bat biztanleko 100 euskal pazientek baino gehiagok organo-transplante batera jo zuten iaz Euskadin edo Euskadirekin hitzarmena duten beste autonomia-erkidego batzuetan. Azken 10 urteotan, guztira 2.655 organo-transplante egin zaizkie euskal pazienteei (1.630 giltzurrunetakoak, 742 gibelekoak, 141 kardiakoak eta 142 biriketakoak), eta emaitzak Europan esperientzia gehien duten zentroetako emaitzen antzekoak edo hobeak izan dira. Azken hamarkadan, transplantea izan duten euskal pazienteen tasa, hala, urtean milioi bat biztanleko 110 baino gehiagokoa izan da.

Ehunen/zelulen transplantea eta donazioa direla eta, 2020. urtean ehunen 135 donazio egin direla kalkulatzen da. Ehuna –kornea, ehun osteotendinosoa, azala…– Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentrora bidaltzen da (Galdakaon dago), hura prozesatu, babestu eta transplanterako banatzeko.

Modu berean, nabarmendu behar da aurten hezur-muineko 51 transplante egin direla Euskadiko Erreferentzia Zentroan (Donostia UO).

2020an, programek pandemiak eragindako egoeretara egokitu behar izan dute eta, horretarako, emaile izateko hautagaietan eta hartzaile izateko hautagaietan COVID19 kasu posibleak ebaluatzeko eta baztertzeko neurriak hartu dira; hala, hartzaile izan daitezkeenei infekzioa ez transmititzea lortu nahi izan da.

Vitoria-Gasteiz, 2021eko urtarrilaren  8a