Pedro Azpiazu eta bere taldearen bilera, EH-Bildu talde parlamentarioko ordezkariekin, EAEko 2021eko aurrekontuari buruz

0

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eman dio hasiera bilerari, eta bertan, planteatu du talde politiko bakoitzak bere jarrera erakutsi behar duela eta euskal herritarren ongizateari eta herri honen garapen ekonomikoari eta enplegua berreskuratzeari laguntzeko jarrera duen ala ez erabaki behar duela, aurrekontua babestuz, Euskadirentzat erabakigarria den une honetan.

Azpiazuk aurrekontuaren argazki zehatza egin du, eta pandemiak eragindako aparteko beharrei erantzuten diela azpimarratu du. Gastu erreala 770 milioi euro handitu da eta ez da murrizketa bakar bat ere egin. Austeritatetik urrun dagoen aurrekontu horretan, 2021erako adostutako zorpetzearen % 100 erabili da, «politika publikoei erantzuteko apustu sendoa» eginez.

Asmo handiko aurrekontua, Eusko Jaurlaritzak inoiz izan duen aurrekonturik indartsuena. Pandemiak sortutako ekonomia- eta osasun-krisiari aurre egiteko, oraina finkatzeko eta etorkizunari aurrekontuek ematen duten ziurtasunarekin eta egonkortasunarekin begiratu ahal izateko behar besteko indarrarekin aurre egiteko aukera ematen duen aurrekontua, hain zuzen ere.

Bileran, EH BILDUk ez du proposamen zehatzik egin, baina “ariketa politiko integrala” egiteko beharra aipatu du.

Azpiazuk aurreratu duenez, aurrekontuaren negoziazio-mahaiak argi eta garbi zehaztutako ekonomia eta eskumen arloko esparrua hartzen du bere baitan, eta ez da “aldaketa iraultzailerik eta zenbatezinik” egingo.

EH Bilduk zehaztasunik erakutsi ez duenez, Azpiazu sailburuak datozen egunetan talde politiko horren proposamena jasotzeko interesa agertu du, taldeak planteatzen dituen gaiak aztertu ahal izateko.