Osasun-araudia ez betetzeagatik Ertzaintzak eta udaltzaingoek 900 isun jarri dituzte asteburuan

0

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta udaltzaingoek guztira 900 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik erdia baino zertxobait gehiago –459– zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez seiko taldeetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan berriz egin dituzte kontrolak norbera bizi den udalerritik eta autonomia-erkidegotik justifikatu gabeko arrazoiengatik irtetea eragozteko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 900 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Horietako gehienak, 459, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte, eta horietatik 364 isun, zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 253 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 59 isun jarri baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 223 isun Araban, 453 Bizkaian eta 224 Gipuzkoan.

 

Bi atxilotu eta hainbat isun garajeetan, etxeetan edo lonjetan elkartzeagatik

Ertzaintzak osasun-araudia urratzen duten jokabideei aurrea hartzeko eta jokabide horiek zigortzeko lanetan jarraitzeen du, eta asteburu honetan bi pertsona atxilotu ditu. Larunbat goizaldean, herritarrak babesteko agenteek Gasteizen etxeratze agindua urratzen ari zen gizon bat atxilotu zuten agintaritzaren aurkako desobedientzia larria leporatuta.

Larunbatean bertan, hilaren 9an, gauean, Ertzaintza Getxoko Udaltzaingoari laguntzera hurbildu zen San Nicolas plazan jende gehiegi zegoelako elkartuta. Ertzainek gizon bat atxilotu zuten bertan atentatua leporatuta, agenteetako bat iraindu eta jo egin baitzuen. Beste bi pertsonari HSL aktak ireki zizkieten errespetu faltagatik, eta beste bati isuna jarri zioten maskara jantzita ez izateagatik eta kalean alkohola edateagatik.

Indarrean dagoen osasun-araudia ez betetzeagatik egindako isun-proposamenen baitan, larunbat goizaldean beste lau pertsonari jarri zieten isuna Getxoko ikastetxe batetik irteten ari zirenean hesi baten gainetik jauzi egin ondoren, dirudienez bertan parranda egin ostean. Andoainen beste zazpi gazteri jarri zizkieten isunak larunbatean, azken orduan, elkartu daitekeen gehieneko pertsona kopurua gainditzeagatik. Era berean, Bilboko etxe batean Ertzaintzak festa batean elkartuta zeuden 10 pertsona identifikatu eta zehatu zituen.

Larunbateko azken orduan eta igande goizaldean ere baimendutako ordutegitik kanpora elkartuta zeuden beste hainbat pertsonari ere izapidetu zizkieten isun-aktak. Hogei bat gazte zehatu zituzten, identifikatu ondoren, Erandioko, Leioako, Etxebarriko eta Irungo garaje eta lonjetan.