INSPIRA STEAM proiektuak nesken artean bokazio zientifikoak eta teknologikoak sustatuko ditu

0

INSPIRA STEAM proiektua Deustuko Unibertsitatearen ekimen bat da, eskolara dabiltzan nesken bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzen dituena. Aste honetan emango dio hasiera bosgarren edizioari. Edizio honetan 120 ikastetxek eta 5.000 neska-mutilek hartuko dute parte aurten. Programak bere jarduera mantenduko du koronabirusaren pandemia gorabehera, ikastetxeetako jardueran eragin nabarmena izan badu ere. INSPIRAren kasuan, atzeratu egin behar izan da hasiera eta mugatu parte hartzaileen kopurua.

Ekimenaren asmoa da neska-mutilek STEAM arloko lanbideak ezagutzea (Zientzian, Teknologian, Ingeniaritzan, Arteetan eta Matematikan oinarrituak, ingelesezko siglak hartuta), arlo horietan lanean dihardutenen ereduaren bidez, bereziki emakumeen bidez. Aholkulari horiek arduratzen dira ikasleei haien lanbidearen berri emateaz, ekimenarekin bat egiten duten ikastetxeen eskola-ordutegiaren barruan.

INSPIRAren bidez, STEAM lanbideen arloko bokazio berrien inguruko sentsibilizazioa eta orientazioa neska-mutilen artean piztu nahi dira. Kontzientzia ere sortu nahi da zientzia eta teknologia garapenaren inguruan, horretan emakumeek eta gizonek elkar harturik jokatu beharraren inguruan eta, aldi berean, begien bistan jarri eta merezi duen balioa eman nahi zaie esparrurik hurbileneko emakumezko profesional zientifiko eta teknologikoei.

INSPIRAk arrakasta esanguratsua lortu du bost urte eskasean. Horren erakusgarri dira parte hartze kopurua, bai borondatez parte hartzen duten STEAM arloko aholkulariena, ikastetxeena eta ikasleena, baita proiektuaren zabalkunde geografikoa ere. Horrela, 2016-2017 ikasturtean parte hartu zuten EAEko 17 aholkulari eta 11 ikastetxetako 220 neska izatetik, 284 aholkularitara pasatu da, 12 bider gehiago dira ikastetxeak eta 20 bider gehiago ikasle parte hartzaileak. Eta ekimena Katalunia, Madril, Andaluzia, Murtzia, Galizia eta Asturiasera zabaldu da.

Koronabirusaren pandemiari lotutako zailtasunek atzeratu egin dute 2020-2021 ikasturteko INSPIRA saioen hasiera. Aurten, Gabonetako oporrak amaitutakoan hasiko da eskaintzen, baina aurreko hilabeteetan mantendu egin da aholkularien prestakuntza lana. Arrazoi horregatik, ikastetxe partaideen kopurua txikiagoa izango da aurtengo ikasturtean. Dena dela, proiektuak inguru berri honetan aurrera jarraitzearen aldeko apustua egin du. Hartara, gelako saioei aste honetan emango zaie jarraipena: 284 aholkularik hartuko dute parte 120 ikastetxetan Euskadin, Katalunian, Asturiasen eta Galizian.