Euskadiko Datu Irekien Lehiaketan kontratu publikoen plataforma adimendu bat eta polen-mailei buruzko sare neuronal bat nabarmendu dira

0

Lizitazioak formalizatzeko administrazio publikoak eta enpresak harremanetan jartzen dituen aplikazio bat; eta sare neuronal artifizial bati buruzko ideia bat, polen mailak aurreikusteko eta alergiak dituzten pertsonei informazio hori helarazteko. Horiek dira Eusko Jaurlaritzaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, Herritarrei Arreta Emateko Zuzendaritzaren bitartez, antolatu ohi duen datu irekien lehiaketaren aurtengo lan irabazleak. Zehazki, Manuel Jose Garciak aplikazio onenaren lehiaketa irabazi du, eta 10.000 euroko saria jasoko du; eta ideien lehiaketan, berriz, Ortzi Torices eta Hodei Goncalvesen proposamena izan da onena eta horregatik 5.000 euroko saria banatuko dute. Guztira, 58 hautagaitza aurkeztu dira lehiaketaren bi ataletara, erdia baino zerbait gehiago aplikazioen lehiaketara eta gainerakoak ideienera.

 Manuel Jose Garciak azaldu duenez, Administrazio Publikoak lizitazio bat ateratzen duenerako enpresen gomendatzailearen ideia egiten ari den doktorego tesiaren ondorioz sortu zen. “Web plataforma bat da, datuak prozesatzeko teknologiari esker, lizitazio bat egiteko enpresa bateragarriak bilatzeko gai dena”, adierazi du Asturiaseko ekintzaileak, eta gaineratu du irtenbide berritzailea dela, lizitazioa irabazteko enpresen parte hartzea “sustatuko” lukeena. Bere ustez, horrek abantaila garrantzitsuak izango lituzke herritarrentzat, enpresentzat eta erakunde publikoentzat”. Izan ere, enpresa lehiakortasun handiagoa ekarriko luke, lizitazioaren esleipen balioa txikiagoa izango litzateke eta gardentasun handiagoa ekarriko luke, “enpresa lizitatzaileen artean prezioak (kartelak) adosteko aukera gutxiagoa egongo bailirateke”.

 Bestalde, ideia lehiaketaren irabazleek azaldu dutenez, zerbait “berritzailea eta sortzailea” egin nahi izan dute, eta horretarako Erresuma Batuan eta Estatu Batuetan finkatutako proiektuei erreparatu diete. “Sare neuronal artifizialaren erabilera hautapen logiko eta naturala izan da, adimen artifizialaren alorrean gehien nabarmendu den tresnetako bat baita”, Ortzi Torices eta Hodei Goncalvesen arabera.

 Sarituek datu irekiak zabaltzeko konpromisoa berretsi dute, “jendeak parte hartzeko eta ideiak trukatzeko ekosistema bat sortzen laguntzen duelako”, adierazi dute Torices eta Goncalvesek. “Hori orokortzen jarraitzea gustatuko litzaiguke, datu libreak eta software librea sustatzen jarraitzeko”, gaineratu dute. Bestalde, Garciaren ustez, “oso garrantzitsua da Euskadiko eta Espainiako administrazio publikoek datu multzoak askatzen eta berrerabiltzearen alde egiten jarraitzea”. Gainera, adierazi duenez, bere proiekturako erabili dituen kontratazio publikokko datuak “garrantzitsuak dira, baina osasunari, ekonomiari, gizarteari eta ingurumenari buruzko datuek ere lagunduko digute gizarte gisa Aurrera egiteko tresnak sortzen”.

 Atal bakoitzeko bigarren sariak ere banatu dira, 8.000 eta 3.000 eurokoak hurrenez hurren. Aplikazioen atalean, Unai Anterok eta Beatriz Arenalek batera aurkeztutako Avatar Parking, mugikorrerako aplikazioagatik. Donostian gertuen dagoen autoen aparkalekua aurkitzeko laguntzaile gisa pentsatuta dago aplikazio hau, lekurik egokiena bilatzen dio erabiltzaileari. Ideien atalean, Iker Diezek eta Alberto Nietok jaso dute saria, web eta mugikorrerako pentsatutako proiektuagatik. Izan ere, Euskadira datorren turistari espazio geografiko mugatu batean nahi dituen planak eta jarduerak proposatzen dizkio une oro.

 Jaurlaritzak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundiekin eta Donostia, Bilbo eta Vitoria-Gasteizko udalekin batera antolatu du lehiaketa hau Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, hirugarren aldiz, datu irekiak berrerabiltzeko kultura sustatzeko asmoz. Edizio honetan Covid-19arekin zerikusia duten ideia eta aplikazio asko aurkeztu dira lehiaketara, baina bestelako gai eta kontuekin lotutako proposamenak eta lanak ere izan dira; garraio publikoa, kultura, turismoa, aisialdia edo administrazioarekin lotutakoak eta horiei buruzko zerbitzu edo informazioa eskaintzen dituztenak. Izan ere, aintzatetsi diren lau sarituek pandemia ez beste gaiei erreparatzen diete.