LABIk prebentzio-neurriak egokitu ditu

0

Egoera epidemiologikoa kezkagarria da. Ziurgabetasun handiko testuinguruan goranzko joera dagoela berretsi da. Hiru dira egoera hori baloratzeko orduan nagusi diren faktoreak: (1) Euskadin azken asteetan izandako intzidentziaren beheranzko joera gelditu egin da, eta azken egunotan goranzko joera ikusten da, Gabonetako bilkuren ondorioz areagotu daitekeena; (2) gure inguruko beste Autonomia Erkidego eta herrialde batzuetan Intzidentzia-tasak izugarri handitzen ari dira; eta (3) Erresuma Batuan mutatutako anduiaren hainbat kasu Euskadin hautemateak ziurgabetasun- eta mehatxu-egoera eragiten du.

Bigarren olatuari emandako erantzunari esker, azaroaren 11n 845/100.000 biztanleko tontorretik abenduaren 29an 235era murriztu zen intzidentzia-tasa. Hartutako neurriek eraginkortasun handia erakutsi zuten. Joera-aldaketa horren aurrean, LABIren Batzorde Teknikoaren gomendioa antzeko neurri-multzoa aplikatzea da, eta intzidentzia-datuak baxuagoak direnean aplikatzea, prebentzio-gaitasuna areagotzeko.

Gogoeten testuinguru horretan, LABIren Aholku Batzordeak argi berdea eman dio egungo egoerari erantzuteko neurrien proposamen honi:

  1. Oro har, honako neurri hauek mantentzea:

—Euskadiren itxiera perimetrala.

—Gehienez 6 pertsonako taldeak.

—Gaueko mugigarritasuna 22:00etatik 06:00etara mugatzea.

—Merkataritza- eta kultura-jarduerak bertan behera uzteko gehieneko ordutegia, 21:00etan.

—Kultu-aretoetako gehieneko edukiera % 35ean mugatzea.

—Musika- eta ahots-entseguak eta emanaldiak bertan behera uztea.

—Ostalaritza eta jatetxea ixteko ordutegia, 20:00etatik 06:00etara.

—Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino gehiagoko udalerrietan dauden ostalaritza- eta jatetxe-establezimenduak eta joko- eta apustu-establezimenduak ixtea, azaroaren 6ko Dekretuan ezarritako baldintza berberetan.

  1. Prebentzio-neurri berriak hartzea:

—Bizilekua dagoen Lurralde Historikoko pertsonen sarrera- eta irteera-murrizketa ezartzen da.

—150m2-tik gorako merkataritza-establezimenduetako edukierak % 40ra murrizten dira, eta 150m2-rainoko azalera duten establezimenduetako edukierak % 60koa izan beharko du.

—Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko duten herrietan:

-Udalerriko konfinamendu perimetrala, alboko udalerrirako igarobidea salbuetsi gabe.

-Taldeko kirol-jarduera etetea.

  1. Neurri murriztaile hauen modulazioa Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 500 baino gutxiago duten herrietan soilik:

—Eskola-kirola berrekiteko baimena ematea, soilik entrenamenduetan. Entrenamendu horiek gehienez ere sei pertsonako taldetan antolatu beharko dira, osaera aldatu gabe, eta aldagelak ezin izango dira erabili.

—Profesionalak ez diren dantza-taldeen entseguak baimentzea, eta antzerki-jarduerarako indarrean dauden baldintzekin lotzea.

—Jokoaren eta apustuen sektorea berriz irekitzeko aukera ematea, edukiera, ordutegiak eta ostalaritza-sektoreari aplikatzen zaizkion antzeko prebentzio-neurriekin.

LABIren Batzorde Teknikoak uste du tokiko ezohiko alarma-egoeraren adierazlea 500/100.000 biztanletan kokatzea esku-hartze selektiboa ahalbidetzen duen neurri eraginkorra dela, beharrezkoa den lekuetan. Era berean, herritarren kontzientziazioa eta prebentzio-ekintza oro har indartzen laguntzen du.

Batzorde Teknikoak, halaber, Euskadin aplikatzen den arakatze-sistemari balioa eman nahi izan dio. Irizpen honek azpimarratzen du “kutsadura-detekzioa % 40tik gorako kontaktu estuak identifikatuz gero, kasuen trazabilitatearen jarraipena egin daitekeela, eta hori erabakigarria dela izurritea kontrolatzeko eta eusteko”.

Oso garrantzitsua izan da gure gizarteak Gabonetan mugikortasunari eta gizarte- eta familia-interakzioei eusteko erakutsi duen erantzun eta konpromiso zibikoa. Aintzatespena eta esker ona merezi du. Era berean, jarrera arduragabe bezain minoritarioek osasun publikoaren guztion onari eragiten dioten kaltea gaitzestea eta salatzea merezi dute.

Oraindik zailak izango diren hilabeteei aurre egin behar diegu. Hiru tresna handi ditugu erronka horri erantzuteko:

-Lehenik eta behin, kasuak detektatzeko, bilatzeko eta kutsadurak eta kontaktu estuak isolatzeko plana, bai eta horien jarraipena eta tratamendu sanitarioa ere.

-Bigarrenik, txertaketa; denbora eta prozedura zorrotzak behar dituen prozesua, astez aste segurtasun osoz areagotuz joango dena.

-Hirugarrenik, Dekretu berri honen bidez hartzen ditugun prebentzio-neurriak, asteazken honetan, hilak 13, 00:00etan jarriko dena indarrean.

Estrategia hori eta hiru ardatz horiek Auzolana faktorearekin osatu behar dira, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta EUDELek lehen unetik elkarlaneko gobernantza gisa ekin dioten bezala, nahiz eta LABI Aholku Batzorde bat izan:

-Beraz, erakunde guztien zorroztasuna eta erantzunkidetasuna behar ditugu, gobernantza gardena eta lankidetzakoa gauzatzeko. Horixe da Eusko Jaurlaritzaren erabakia.

-Herritarren lankidetza aktiboko konpromisoa behar dugu arakatzearekin, baheketa masiboekin eta kutsatze eta kontaktuen berrogeialdiekin, txertaketa-prozesuekin eta prebentzio-murrizketa eta -neurriak betetzearekin.

-Talde- eta lankidetza-espiritu positiboa eta eraikitzailea ere partekatu behar dugu. Etorkizunari baikortasunez eta indarberritzeko eta hobetzeko erabakitasunez begiratu behar diogu eta begiratu diezaiokegu.

Helburu komunitarioari erreparatu behar diogu, eta Intzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60ra murrizteko konpromisoa hartu behar dugu. Guztion onerako egin dezakegu, guztion artean.