Asteazkenean bigarren aldiz jokatuko du Realak historian Espainiako Superkopa. Kordoban jokatuko dute finalerdia, FC Barcelonaren aurka (21:00).
Talde blaugranaren aurkako kanporaketetan bere aurrekariak ez dira oso itxaropentsuak, baina donostiarrak ziur daude Barça mendean hartu eta igandeko Sevillako finalean sartu ahal izango direla.
Historian, bi taldeak 18 aldiz gurutzatu dira (16 Errege Kopan eta 2 Ligako Kopan), 16 garaipen lortuta kataluniarrek eta bi bakarrik gipuzkoarrek.
Bi garaipen horiek 68-69 eta 79-80 denboraldietan iritsi ziren, bietan Errege Kopako final-zortzirenetako kanporaketan.