Zarauzko Udalak 238.000 euro eman ditu autonomo eta enpresa txikiei

0

Zarauzko Udalak abenduan abiarazi zuen, urgentziaz, autonomoentzako eta mikroenpresentzako laguntza kanpaina berri bat (merkataritza, ostalaritza, zerbitzu enpresak…).

Ixidor Larrañaga (EAJ-PNV) Turismo, Merkataritza eta Ostalaritza zinegotziak adierazi duenez, «Negozio asko itxita egon ziren COVID-19k eragindako bigarren olatuaren eta ezarritako murrizketen ondorioz. Horregatik, inplikatutako alderdien artean laguntza horiek premiaz abiaraztea adostu genuen.

Laguntza deialdi berri honetan, egoitza Zarautzen duten negozio guztiek izena emateko aukera izan dute baldin eta derrigorrezko itxierak edo COVID-19 egoerak eragin badie, eta azaroaren 6tik aurrera diru-sarrerak %40 baino gehiago murriztu bazaizkie.

«Guztira, 273 eskaera aurkeztu dira eta, aurkeztutako dokumentazio guztia osatu eta egiaztatu ondoren, Udalak 238.482,31 euro banatuko ditu aurkeztutako 273 negozioen artean», zehaztu du Turismo zinegotziak.

«Eskaerak aurkezteko epea 5 egunekoa baino ez zen izan, eta erantzuna ona izan da. Pozik gaude bigarren laguntza kanpaina honen erantzunarekin. Halaber, ordainketa urtarrilaren 15etik aurrera egingo da” gehitu du Larrañagak. Eskatzaileek www.zarautz.eus webgunean kontsultatu ahal izango dute emandako laguntzaren zenbatekoa.

Zinegotziak gogorarazi duenez, «laguntza horiek lehen olatuaren ostean 230 negozio baino gehiagoren artean banatu ziren 230.000 euroei gehitzen zaizkie».

Ixidor Larrañagak eskerrak eman nahi dizkie, Zarauzko Udalaren izenean, Turismo Bulegoko langileei, aurkeztu beharreko dokumentazioa betetzeko laguntza eskatu duten interesdun askori aholkuak emateaz arduratu baitira.