Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu berria onartu da

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamendu berria onartzen duen Dekretuari.

Arau berri honek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginean ordaintzera behartuta dauden pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoari ordaindu beharreko diru-sarrera publiko guztiak biltzeko aurreikusten den prozedura garatzen du.

Gaur egun, diru-bilketaren kudeaketaren erregulazioa 1998ko azaroaren 1ean indarrean jarri zen eta oraindik ere indarrean dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Diru-bilketako Erregelamenduan garatuta dago. Harrezkero arau- eta jurisprudentzia-esparruan gertatu direnak eta antolaketari, gardentasunari eta baliabide elektronikoen erabilerari lotutako alderdiak direla eta, beharrezkoa izan da erregelamendu hori berrikustea.

Erregelamendu berriak kontuan hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren zuzenbide publikoko diru-sarrera gehienen zergaz kanpoko izaera (isunen eta baldintzak betetzen ez direnean laguntzak itzultzeko betebeharren ondoriozkoak funtsean). Erregelamenduak ehun artikulu baino gehiago ditu, eta diru-bilketaren fase guztiak jasotzen ditu, bai borondatezko aldikoak, bai betearazpen-aldikoak, zenbait prozedura-alderditan zehatzagoa den eta genero-ikuspegiarekin bat datorren hizkuntza bat agertzen duen erregulazio baten bidez.

Berritasunen artean, azpimarratu beharra dago premiamendu-prozedura administratiboaren erregulazio xehatua, segurtasun juridiko handiagoa emateko helburua duena. Beste alderdi garrantzitsu bat da aplikazio-eremu subjektiboak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra eta haren erakunde autonomoak ez ezik, zuzenbide pribatuko erakunde publikoak ere hartzen dituela eraginpean, esleituta dituzten ahal publikoak baliatzearen ondoriozko kredituei dagokienez. Azpimarratu beharrekoak dira, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokor osoaren eta Administrazio Instituzionalaren txertaketa ordainketa eta kobrantzen kudeaketa automatizaturako tresnan, ordainketak egozteko araubidearen erregulazioa, diru-sarrera bikoiztuak, gehiegizkoak edo bidegabeak itzultzeko prozedurak, geroratzeen erregulazio xehatua eta erakunde publikoen premiamendua aplikatzeko aukera, konpentsazio-prozedura aplikatu ezin den kasuetan.