Merkealdian kontsumitzaileen eskubideek bere horretan dirautela gogorarazten du Kontsumobidek

0
PRUEBA

Aurten, osasun egoerak baldintzatzen du merkealdiaren hasiera; hartara, lehen gomendioa da erosketak planifikatzea eta, beti, jende pilaketak eta saltoki jendetsuak saihestea. Irtenbide ona da hurbileko saltokietara joatea eta merkealdiak benetan behar dena erosteko erabiltzea.

Nolanahi ere, komeni da gogoraraztea kontsumitzaileen eskubideek bere horretan dirautela eta merkealdian ezin direla eskubide horiek murriztu. Kontsumitzaileen eskubideak bermatze aldera, saltokiek zenbait arau bete behar dute:

 

  • Merkealdian, agerian egongo dira jatorrizko prezioa (azken hilean produktuek izan duten preziorik txikiena) eta prezio beheratua. Produktu merkatuek merkealdian ez dauden beste produktuez bereizita egon behar dute. Bestalde, saltoki bat merkealdian dagoela ulertuko bada, saltokian salmentan dauden produktuen erdiek, gutxienez, egon beharko dute merkeago.

 

  • Merkealdian dagoen produktu baten bermea ez da inola ere aldatuko, eta 2 urtekoa izango da produktu berrietarako eta itundutako epe bat bigarren eskuko produktuetarako —ez da urtebetetik beherakoa izango—.Bestalde, akatsen bat duen produktua ezin izango da produktu merkatutzat jo.

 

  • Merkealdian ere produktuak itzuli ahal izango dira. Dena dela, kontuan izan behar dugu erosketa fisikoak direnean saltokiak berak finkatzen duela itzulketa-politika. Itzulketa-politika horrek publikoa izan beharko du eta iragarrita egon beharko du, are gehiago merkealdian aldatzen bada. Jakina, akatsen bat duten produktuak itzuli ahal izango dira. On line egindako erosketetan, indarrean dirau atzera egiteko eskubideak eta, hortaz, 14 eguneko epea dago erositako produktuak itzultzeko.

 

  • Ordaintzeko politikari dagokionez, kontuan izan behar da saltokiak ez daudela txartel bidezko ordainketak onartzera behartuta eta gutxieneko zenbateko bat ezar dezaketela txartel bidez ordaintzeko. Kasu batean zein bestean, saltokiak horren berri eman beharko du.

 

  • Kontsumitzaileak, edonola ere, erosketa-txartela lortzeko eskubidea du. Saltokia erosketa-txartela ematera behartuta dago, baita produktu merkatu bat denean ere. Izatez, erosketa-txartela edo faktura funtsezkoa da ondoren erreklamazioa egin nahi izanez gero, edo bermea baliatu nahi izanez gero.

 

Kontsumitzaileak zoritxarrez uste badu erreklamazioa egin behar duela, lehenengo gomendioa da saltokiarekin akordio batera iristen saiatzea. Hori ezinezkoa bada, erreklamazio-orria eskatu eta Kontsumobiden edo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoan aurkeztu beharko da. Hala ere, eta ahal den guztietan, komeni da Arbitrajeko Euskal Sistemara jotzea, bide azkarra, doakoa eta boluntarioa baita.