Ertzainek lau pertsona atxilotu zituzten atzo AP-68an, Orozkon, egindako kontrol batean, furgoneta batean 5.700 euroko balioa zuten telefono-kableen bobinak zeramatzatenean. Materiala Gasteizko enpresa batetik lapurtu zuten.
Atzo, astelehena, arratsaldeko ordu bat eta erdiak aldera, AP-68an, Orozkoko udal-barrutian, kontrol bat egiten ari ziren Bizkaiko Trafiko Unitateko agenteek furgoneta bat geldiarazi zuten, eta barruan lau pertsona zihoazen. Ertzainek ikusi zuten atzeko aldean telefono-kablearen lau bobina zeramatzatela, eta horien jatorriaz galdetu zieten. Susmagarriek ez zuten materialaren jatorriari buruzko azalpen koherente bat ematen jakin, eta agenteak informazioa eskatzea erabaki zuten. Horrela, jakin ahal izan zuten bobinak Gasteizko Jundizeko industrialdeko enpresa batean dagoen edukiontzi itxi batetik lapurtu zituztela, eta horien balioa 5.700 bat eurokoa zela. Informazio horien aurrean, lau pertsonak atxilotu zituzten.
Atxilotuak 60, 47 eta 41 urteko hiru emakume eta 41 urteko gizon bat dira eta guztiek dituzte polizia-aurrekariak. Berez, emakume zaharrena 30 aldiz atxilotu du Ertzaintzak, eta gizona, berriz, 23 aldiz. Gaur goizean utzi dituzte agintari judizialaren eskuetan.