Noka Mentoring, euskal emakume zinemagileen proiektuak laguntzeko programaren hirugarren edizioa

0

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tabakalerak Noka Mentoring programa aurkeztu dute gaur. Euskal emakume zinemagileei zuzendutako ekimena da, eta zinemaren sektorean duten presentzia eta ikusgarritasuna sustatzea du helburu. Noka Mentoring Eusko Jaurlaritzak sustatutako programa bat da, Euskadiko eta Nafarroako emakume zinemagileei zuzendua, sortzen ari diren film luzeen proiektuak tutorizatu eta laguntzeko. Hirugarren edizio honetan, Tabakalerak bere gain hartu du proiektuaren antolaketa, eta zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloko garapen-programetan zein Donostiako Zinemaldiarekin (SSIFF), Euskadiko Filmategiarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera parte hartzen duen sare instituzional eta profesionalean integratu du.

Ekimena gaur goizean aurkeztu dute Tabakaleran, eta bertan Andoni Iturbe Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea, Clara Montero Tabakalerako kultura zuzendaria eta Víctor Iriarte zinema eta ikus-entzunezko programaren arduraduna izan dira proiektuaren xehetasunak eman dituztenak.

Noka Mentoringek denbora, espazioa, testuingurua eta laguntza profesionala eskaintzen die parte hartzen duten zuzendariei euren filmen lehen fasean; zuzendaritzari buruzko dosier bat egiteko eta parte-hartzaileek zinemagintzaren arloko beste laguntza batzuk eskuratu ahal izan ditzaten, bai Eusko Jaurlaritzarenak, ICAAkoak (Kultura Ministerioaren Zinema eta Ikus-entzunezkoen Institutua), eta baita nazioarteko zinema-industriako foro profesionalenak ere.

Nazioarteko tutoretzak

Iaz Irati Gorostidi Anekumen, Marina Palacio Y así seguirán las cosas eta  Sara Fantova Jone, a veces, aukeratutako hiru hautagaiekin egin zuten bezala, bigarren aldiz  Elena López Riera, Mar Coll eta Celia Rico tutoreek egingo dute mentoring prozesu osoa.

Mentoringak bi ardatz izango ditu: batetik, film bat sortzeko prozesura sormenez hurbiltzea, eta, bestetik, proiektu horiek zinemaren merkatuan eta industrian txertatzeko eta trebatzeko beharrezkoak diren moduluak.

Hautatutako hiru zuzendariak Noka Mentoringek eskainitako programan parte hartzeko eta proiektuak ahalik eta baldintza onenetan garatzeko, horietako bakoitzak 4.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko du.

Deialdia eta proiektuen aurkezpena

Noka Mentoring Euskadin eta Nafarroan jaio edo bizi diren eta fikziozko edo ez-fikziozko film luzeen proiektuak dituzten zuzendari berriei zuzentzen zaie (lehen edo bigarren filma).

Proiektuak jasotzeko epea gaurtik 2021eko otsailaren 19ra arte egongo da zabalik. 2021eko martxoaren 12an jakinaraziko dira programan parte hartzeko aukeratutako hiru proiektuak. Hautaketa batzordea honako hauek osatuko dute: Maialen Beloki Donostiako Zinemaldiaren (SSIFF) ordezkari gisa; Carlos Muguiro EQZEko zuzendaria eta Lur Olaizola Tabakalerako zinema eta ikus-entzunezkoen arloko koordinatzailea, zentroaren ordezkari gisa.

Proiektuak prest egon beharko dira Tabakalerak, Donostiako Zinemaldiak (SSIFF) eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) eskaintzen duten Ikusmira Berriak proiektu zinematografikoak garatzeko egoitza artistikoen deialdira aurkezteko. Uztailaren 1etik abuztuaren 31ra egongo da zabalik Ikusmira Berriak programaren deialdia, eta Noka Mentoring programa honen helburuetako bat da hiru proiektuak deialdi honetara baldintza onenetan aurkeztu ahal izateko prestatzea. Marina Palacio, Noka Mentoring 2020ko hautatuetako bat, Ikusmira Berriak programan onartua izan da.

Interesa duten zinemagileek Tabakaleraren webgunean aurkituko dute informazio guztia, tabakalera.eus, eta noka@tabakalera.eus helbidera bidali beharko dute beharrezko material guztia.

Tabakalera, zinemako ekosistema

Noka Mentoring dagoeneko aktibatuta dagoen sare profesional eta formatiboan sartuko da, Tabakaleran zinemagintzan diharduten erakundeek partekatutako programen bidez. Egunez egun eta elkarrekin, zinemagatik eta zinemarako lan egiten duen testuinguru profesional hori da Noka Mentoring programak beste programa batzuekin alderatuta duen balio bereizgarri handiena.

Aukeratutako zuzendariek Tabakalerako ekosistemaren lan partekatuaren sistema integratu eta baliatu ahal izango dute, sortzen ari den talentu zinematografikoaren alde egiten baitu. Horrenbestez, aukeratutako hiru zuzendariek doan izango dute Tabakalerako pantaila partekatuko programazioko zinema-saio guztietarako sarbidea programak irauten duen bitartean. Halaber, EQZEko zuzendaritza akademikoarekin bilduko dira, beren proiektuen eta eskolako egutegien arabera, Noka Mentoring prozesuaren hilabeteetan zine eskolan egingo diren lantegi eta eskoletako batzuetara gonbidatutako ikasle gisa joateko aukera aztertzeko. Horrekin batera, industriako akreditazio profesional bat izango dute Donostiako Zinemaldiaren 2021. ediziorako, eta, beraz, Zinemaldira eta haren industria-arlora joan ahal izateko esperientzia hori prestakuntza- eta laguntza-jarduera gisa txertatuko da programan.