Datorren ikasturterako aurrematrikula epea urtarrilaren 18an irekiko da

0

Hezkuntza Sailak datorren astelehenean, urtarrilaren 18an irekiko du Haur Hezkuntzarako (bi urtetik aurrera), Lehen Hezkuntzarako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako aurrematrikula epea. Urtarrilaren 29ra arte egongo da irekia epe hori.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Begoña Pedrosa sailburuordea lagun zuela, gaur goizez aurkeztu du Bilbon 2021-2022 ikasturterako aurrematrikula kanpaina, aurten “Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, denona” leloarekin abiatuko dena (gaztelaniaz “Escuela pública vasca: la mía, la tuya, la nuestra”)

Aurrematrikula prozesuari ekiteko prest daude dagoeneko Euskadiko 700 ikastetxe (horietatik 454 publikoak, %65). Seme-alabak lehen aldiz matrikulatuko dituzten gurasoek, 541 ikastetxe izango dituzte bi urteko haurrentzat (horietatik 333 publikoak, hots, %62), eta 542 ikastetxe Haur Hezkuntzako bigarren zikloko umeentzat (335 publikoak, hau da, %62). Bestetik, Lehen Hezkuntza 533 ikastetxetan eskainiko da hurrengo ikasturtean (332 publikoak), eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eskainiko dutenak aldiz 327 izango dira orotara.

Ohikoa denez, eskaerak aurkezteko bi bide ipiniko ditu Hezkuntza Sailak familien esku: online burutu ahal izango da prozesu guztia, dokumentazioa aurkeztea barne, Hezkuntza Sailaren webgunearen bidez (www.euskadi.eus/hezkuntza); baina aurrez aurre ere egin ahal izango da, lehen aukeratzat markatu den ikastetxean (idazkaritza ordutegian).

Ikasgunea ataria

Bide telematikoa aukeratuz gero, aipatutako webgunearen bidez egingo da, eta honek Ikasgunea atarira bideratuko gaitu (www.ikasgunea.euskadi.eus). Plataforma horrek familiei hainbat aukera eta informazio praktiko ugari eskaintzen dizkie urte osoan, onarpen-prozesutik harago. Erabilera horietako bat, aurrematrikula-aldi honi oso lotuta dagoena, Ikastetxe bilatzailean aurki daiteke. Bilatzaile horrek familiei erakusten dizkie ikastetxe bakoitzean dagozkien baremo-puntuak, etxebizitzarekiko hurbiltasunagatik (barematu behar den kasuetarako).

Hezkuntza-komunitateari zuzendutako ataria denez, Ikasguneak aukera ugari eskaintzen dizkie familiei, baita ikastetxearekin edo administrazioarekin komunikatzeko bide bat ere. Besteak beste, Ikasgunearen bidez honako izapide hauek egin daitezke:

  • Onarpen-eskaerak online izapidetzea, eta egindako eskabideen egoera ikustea.
  • Eskola egutegia eta ordutegia ikustea
  • Ebaluazio bakoitzaren kalifikazioak kontsultatzea
  • Eskola-hutsegiteak kontsultatzea
  • Historia akademikoa eskuratzea eta ziurtagiriak deskargatzea
  • Tutorearekin, irakaslearekin edo zuzendaritza-taldearekin hitzordua eskatzea
  • Ikasleak parte hartu duen sarbide-proben ebazpenak ikustea
  • Egindako beka-eskaerak eta horien egoera kontsultatzea
  • Matrikula-ziurtagiria eskatzea

Eskaerako 12 ikastetxe ere bai

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBHrako onarpen prozesuak aldaketa gutxi ditu iazkoarekin alderatuta, duela bi urte izan baitziren aldaketarik esanguratsuenak.

Iaz bezala, onarpen-prozesu horretan ere familia ugariek ez dute baldintza hori egiaztatzen duen dokumentaziorik aurkeztu beharko. Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapen hori egiteaz. Azken batean, familiei tramiteak erraztea bilatzen duen neurria da.

Eskaeran familia bakoitzak 12 ikastetxe hautatu ditzake gehienez, lehentasunaren araberako hurrenkeran jasorik. Eskaera guztiak jaso ondoren, ikastetxe bakoitzak izan dituen eskaera guztiekin zerrenda osoa egingo da, edozein dela ere lehentasunen ordena, eta baremo nagusi bakarra egingo da: ikastetxeek lehen aukeran jasotzen dituzten eskariak ez ezik gainerako eskari guztiak ere barematu beharko dituzte. Honela, familiek ziurtatua izango dute puntu gutxiago duen beste familia bat ez dela inola ere norbera baino lehen sartuko aukeratu duen ikastetxe batera. Sistemak ahalik eta aukerarik onena ematen die familiei, hautatutako zentro bakoitzean dituzten puntuen arabera.

Familia askori izapideak egiteko lana arinduko dion beste neurri bat, eta aurten ere indarrean jarraitzen duena, honako hau da: ez dela beharrezkoa sare publikoko Lehen Hezkuntzako 6. mailatik DBHrako jauzia egiten duten ikasleek eskaera egitea. Hau horrela da familiek ibilbideko ikastetxe atxikia aukeratzen duten kasuetan, hau da, euren Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoari atxikitako institutu publikoa hautatzen badute, eta hizkuntza eredu berean jarraitu nahi badute. Beste edozein ikastetxetan jarraitu nahi badu, eskaera egin beharra izango du. Atxikitako institutu bat baino gehiago dituzten Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoen kasuan ere, familiek eskaera egin behar dute.

Kontuan izan beharreko egutegia:

  • urtarrilaren 18tik 29ra: eskabideak eta agiriak aurkeztea

Online edo aurrez aurre ikastetxean (idazkaritza ordutegian)

  • otsailak 16: eskatzaileen zerrendak argitaratuko dira
  • martxoak 9: behin-behineko zerrendak argitaratuko dira. Martxoaren 16ra arte erreklamazioak egiteko epea.
  • Martxoak 23: behin betiko zerrendak argitaratuko dira. Errekurtsoak aurkezteko epea, apirilaren 23ra arte.