Ertzaintza Arrigunagako hondartzan aurkitutako gorpuzkien kasuarekin lotutako ebidentzien bila dabil itsasadarrean

0

Ertzaintzak Bilboko itsasadarra aztertu du gaur goizean Erandiotik hasi eta ibai-ahoraino, Getxon, Arrigunagako hondartzan, gorpuzkiak aurkitu ondoren abian jarritako ikerketaren barruan.

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko talde batek Itxas Argi ontzitik aztertu du gaur Bilboko itsasadarraren zati bat, igandean eta astelehenean Getxon, Arrigunagako hondartzan, aurkitu zituzten gorpuzkiak identifikatzeko eta heriotzaren inguruabarrak argitzeko abian jarritako ikerketaren baitan ebidentzia gehiago bilatzeko.

Gaur Erandiotik hasi eta ibai-ahorainoko, Abra ingururainoko, zatia aztertu dute. Uretatik egin den azterketan lehorrean zeuden agenteek ere lagundu dute.

Ertzaintzaren Zaintza eta Erreskate Unitateko eta Txakur Unitateko ikerketa-baliabideek Getxoko eta Sopelako itsasertza miatu dituzte lehorretik eta itsasotik gorpuzkien eta bestelako ebidentzien bila. Kriminalitate-zantzuak dituen kasu honen ikerketak irekita jarraitzen du.