«Atxiloketa-Zentro Bateratuaren Proiektua» aurkeztu dute

0

Lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka buru dela egin da gaur goizean Sailaren Erandioko egoitzan Ertzaintzaren Kontseiluaren bilera. Eusko Jaurlaritzaren izenean bileran izan dira, sailburuaz gainera, Elixabete Etxanobe Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea, Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria eta Egoitz Laburu Araubide Juridikoaren, Zerbitzuen eta Hauteskunde Prozesuen zuzendaria.

Ertzaintzaren Kontseilua kontsultak eta proposamenak egiteko Ertzaintzako organo parekidea da (uztailaren 22ko 1/2020 Legegintzako Dekretuaren 9. artikulua). Kontseilua osatzen dute Eusko Jaurlaritza ordezkatzen duten bost pertsonak eta Ertzaintzako funtzionarioak ordezkatzen dituzten beste bost pertsonak.

IBAIZABAL PROIEKTUA

Gai-zerrendako gaien artean, Eusko Jaurlaritzak Basauriko eta Galdakaoko ertzain-etxeetako kudeaketa bateratuko Ibaizabal Proiektua aurkeztu die sindikatuei. Baliabide publikoen efizientzia hobetzeko diseinu globala da. Helburua da bi ertzain-etxeak egotea irekita jendearentzat eta erabat operatibo, baina aginte-koadroa partekatzea, Basauri izan dadin egoitza bikoitzaren burua.

 

Ibaizabal Proiektua Euskadin burutzen den era horretako laugarren proiektua da, eta jada finkatuta dauden Urola-Kostako (Zarauzko eta Azkoitiako Ertzain-etxea), Oriako (Tolosako eta Beasaingo Ertzain-etxea) eta Deba Uralako (Zumarragako eta Bergarako Ertzain-etxea) zentroetako emaitzak aztertu ondoren gauzatuko da, aipatutako bi zentro horiek oso emaitza positiboak izan baitituzte edozein gertaeraren aurrean zerbitzu eraginkorragoa ematean.

 

Kasu honetan, Ibaizabalgo Ertzain-etxe berriak bi egoitza izango ditu Galdakaoko, Basauriko, Etxebarriko, Arrigorriagako, Zaratamoko, Ugauko eta Zeberioko udalerriei arreta emateko. Kudeaketa-sistema berriari esker hobeto antolatu ahal izango dira baliabideak, eta edozein gertaeraren aurrean erantzuteko denborak murriztu ahal izango dira eta, aldi berean, Basauriko espetxearekin erlazionatutako zerbitzu berezia ematen jarraitu ahal izango da oraingo baldintza beretan.

 

 

ATXILOTEGI ARRUNTA GASTEIZEN 

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak Bilboko Atxilotegi Arrunta atxiloketa-zentro bakarraren emaitzen balantzea azaldu die sindikatuei. Proiektua 2019an jarri zen abian Deustuko Ertzain-etxeko proiektu pilotu gisa, eta proiektuaren ebaluazioak egiaztatu du hobetu egiten duela giza eta material baliabideen antolaketa. Gainera, jauzi kualitatibo bat izan da sistema fiskalarekin eta judizialarekin koordinatuta, eremuko atestatu guztiak talde berberak egiten baititu. Horrek dakar dagokion barruti judizialarekin irizpideak eta prozedurak bateratzea. Horrez gainera, nabarmen hobetu ditu atxilotutako pertsonei ematen zaien tratua eta atxiloketa batean parte hartzen duten agenteen segurtasun-neurriak.

 

Proiektu pilotua ebaluatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak erabaki du 2021ean hastea esperientzia Euskadiko gainerako lekuetara hedatzen. Aurten eredua Gasteizen, Lakuako Ertzain-etxean, ezartzeko lanak hasiko dira. Honako unitate hauei emango die zerbitzua: Laudio, Guardia, Arabako Trafikoko Lurralde Unitatea eta Arabako Ikerketako Lurralde Zerbitzua, eta instalazioak erabiltzeko aukera emango zaie Miñoiei eta nahi duten udaltzaingoei.

Lanen aurrekontua 100.000 eurokoa da, eta honakoak eraikiko dira:

  • Hamar bat ziega, eta ziega bakoitzak bere bideozaintza-sistema izango du, Arartekoaren gomendioei jarraituz.
  • Ziegak zaintza-postu batetik monitorizatzeko sistema.
  • Bandalismoaren aurkako komunak.

 

KONTROL ETA GARDENTASUN BATZORDEA

Bestalde, bileran Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du laster eratuko dela Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea, kide anitzeko organo berri honek polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala izango du (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena, 15. artikulutik 20. artikulura).

 

Batzordearen helburua izango da ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzea eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza. Batzorde horrek beti ikertuko ditu gertaerak, poliziaren esku-hartze edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean, norbait hil edo larriki lesionatu bada. Horrez gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburu nagusia izango da herritarrek polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunean eta objektibitatean duten konfiantza eta zilegitasuna indartzea.