Barakaldon gidari bat atxilotu dute kontrol batetik gelditu gabe igaro eta A-8 autobidean polizia-auto bat jo ostean

0

Ertzaintzak 29 urteko gidari bat atxilotu du goizaldean Barakaldon, arriskua sortuz gidatzeagatik bide-segurtasunaren aurkako delitua, agintaritzaren aurkako atentatua eta mugikortasunari eta ordutegiei buruzko arauak urratzea leporatuta. Inplikatua gelditu gabe igaro da Kantabrian jarritako polizia-kontrol batetik, eta A-8tik Bizkaia aldera ihes egin du. Azkenean alboz jo du arau-hausleak abiadura moteltzea eta autoa gelditzea lortu nahi zuen Ertzaintzaren auto bat.

Goizaldeko 02:30ean Kantabriatik Ertzaintzari jakitera eman diote gama altuko auto batek abiadura handian ihes egin duela Bizkairako norabidean Torrelavegako polizia-kontrol batetik gelditu gabe igaro ondoren.

Une horretatik aurrera adierazitako autoa A-8an egiten ari zen bidea zaindu eta kontrolatu dute Ertzaintzaren Bizkaiko Trafikoko Unitateko baliabideek eta gero Sestaoko Ertzain-etxeko agenteek. Polizia-autoek atzetik segi diote argi-seinaleak aktibatuta, eta Sestao parean beste patruila batzuk jarri zaizkio aurrean. Polizia-auto horiek abiadura moteldu dute ihesi zihoan autoak ere abiadura moteldu zezan, baina inplikatua bi patruila-autoren artetik igarotzen saiatu da eta horietako bat alboz jo du. Azkenean autobideko eskuineko eta erdiko erreietan gelditu dira, Barakaldoko zuzengunean.

Polizia-dispositiboko ertzainek identifikatu eta atxilotu egin dute minik hartu ez duen gidaria. Atxilotuari bide-segurtasunaren aurkako delituak leporatu dizkiote arriskua sortuz gidatzeagatik, bai eta agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere. Gidariari gero egin zaion droga-testean, honek positibo eman du.

Polizia-eginbideak amaitutakoan, atxilotua aske utzi dute, eta agintari judizialaren aurrera agertzeko noiz deituko zain dago.