Ertzaintzak eta Udaltzaingoek 1.467 isun jarri dituzte asteburuan Euskadin osasun-araudia ez betetzeagatik

0

Joan den asteburuko hiru egunetan Ertzaintzak eta Udaltzaingoek guztira 1.467 isun jarri dituzte Euskadin, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako osasun-arauak ez betetzeagatik. Horietatik gehienak –823– zirkulazio-askatasunaren muga eta gehienez seiko taldetan elkartzekoa ez errespetatzeagatik jarri dituzte.

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburuan berriz egin dituzte kontrolak justifikatu gabeko joan-etorriak eragozten saiatzeko eta gainerako osasun-neurriak betetzen direla zaintzeko. Zaintza-dispositibo horietan guztira 1.467 isun bideratu dituzte ostiraletik igandera bitartean. Horietako gehienak, 823, alegia, mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik jarri dituzte, eta horietatik 485 isun, zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik.

Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 217 isun bideratu dituzte. Isunen atalean adierazgarria da kalean alkohola kontsumitzeagatik jarri dituzten isunen kopurua ere, guztira 210 isun-akta bete baitituzte. Gainerako isunen kontzeptuak, besteak beste, ostalaritzan, jatetxeetan edo jarduera fisikoan gutxienez metro eta erdiko tarte fisikoa ez uztea,  kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritza-establezimenduetan eta jatetxeetan ordutegia ez betetzea dira.

Lurraldez lurralde, honela banatzen da Ertzaintzaren eta udaltzaingoen jarduera bateratua: 212 isun Araban, 785 Bizkaian eta 470 Gipuzkoan.

Igandean pertsona bat atxilotu zuten Donostian, eta beste hainbat pertsonari isunak jarri zizkieten botiloiak egiteagatik

Ostiralean eta larunbatean gertatutako hainbat istilutan 18 pertsona atxilotu ondoren, igande gaueko hamarrak aldera, Ertzaintzaren patruila batek aurreko eguneko desordena publikoetan parte hartzeagatik susmagarria zen pertsona bat identifikatu zuen Donostiako Alde Zaharrean. Une horretan, bertan zeuden hainbat pertsona agenteen gainera joan ziren, eta aldendu egin behar izan zituzten. Horren ondorioz, pertsona bat atxilotu zuten atentatuaren eta desordena publikoen delituak leporatuta.

Horrez gainera, guztira 29 pertsonari jarri zizkieten isunak kalean alkohola edateagatik Bilbon, Portugaleten, Zarautzen eta Zumaian.