Aintzane Pujanaren hilketagatik atxilotutako bikotea espetxean sartu dute

0
PRUEBA

Gipuzkoako Ikerketako Lurralde Zerbitzura atxikitako agenteek 2021eko urtarrilaren 12 goizean atxilotu zituzten bi pertsona Aizarnazabalen, Gipuzkoan, Aintzane Pujana hiltzea leporatuta. Aipatutako herrian aldi baterako bizi ziren 24 urteko gizona eta bere bikotekidea, 23 urteko emakumea, dira. Atxilotuak Urola-Kostako Ertzain-etxera eraman zituzten, eta gaur goizean jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan ikerketa instruitu duen epailearen, Azpeitiako 1. Instrukzio Epaitegiko titularraren, aurrera eramanda, eta honek behin-behineko espetxera bidali ditu biak.

Ikerketaren arabera, 2021eko urtarrilaren 2an, goizaldeko lehenengo orduetan, hil zuten Aintzane Pujana eta abandonatu zuten gorpua. Ikerketaren hipotesi nagusiaren arabera, erasoa eragin zuen arrazoia biktimaren eta bikotekidearen arteko eztabaida gogorra izan zen. Eztabaida hori, dirudienez, 2021eko urtarrilaren 1eko 23:30 aldera hasi zen, eta uste da bizi ziren etxean bertan hil zutela.

Ikerketaz arduratu den taldeak uste du hilketaren ondoren eta gorpua abandonatu ostean, atxilotuta dauden bi pertsonak autoan ibili zirela Gipuzkoako kostaldeko hainbat herritatik, hilketarekin erlaziona zitzaketen jantziak eta beste objektu batzuk botatzeko asmoz. Une horietan, eta Urola-Kostako Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila batek Zumaia eta Getaria artean dagoen paraje batean egindako errutinazko identifikazioari esker, uste da zapuztu egin zirela susmagarrien asmoak. Baina, hala eta guztiz ere, ustezko bi hiltzaileak Gipuzkoa barnealdeko hainbat herritatik igaro ziren 2021eko urtarrilaren 2ko goizean, besteak beste, Tolosatik.

Ikerketaren arabera, Tolosara iritsi zirenean bikoteak garbiketako produktu batzuk erosi zituen bertako supermerkatu batean, hala nola lejia, amoniakoa, paperezko ezpainzapiak eta zapi bustiak, eta erabiltzen ari ziren eta biktimaren gorpua handik bi egunetara aurkitu zuten lekuraino, Aizarnazabalgo Etxabe auzoraino, eramateko erabili zuten autoa ondo garbitzeko erabili zituzten antza.

Era berean, badirudi atxilotuek apartamentuko hainbat gela ere garbitu zituztela delituaren arrasto guztiak ezabatzeko.

Ikerketa eta ondorioak Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Begi Ikuskapeneko Taldeak eta Gipuzkoako Ikerketako Lurralde Zerbitzuak egindako lanaren eta Txakur Unitateak eta Zaintza eta Erreskate Unitateak egindako miaketa-lanen emaitza dira.

GAZTEEN FESTA LANDETXEAN

Ertzaintzak, gainera, argi utzi nahi du landetxe horretan bertan Urtezahar gaueko festa batean identifikatu zituzten pertsonek ez dutela zerikusirik gertaerarekin. Ez dute inolako loturarik hilketarekin, ez eta landetxe barruan egindako polizia-ikerketarekin ere.