Javier Hurtado: “Digitalizazioa eskura edukitzea indartzeko helburuarekin lan egiten ari gara”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Bilboko Merkataritza Ganberak antolatu eta, besteak beste, Sailak babesten duen Retail Digital Sarien banaketa-ekitaldian hartu du parte. Bizkaiko merkataritza-sektorearen gaitasun digitalen garapena saritzeko ekitaldian, Sailburuak helburu hauek azpimarratu ditu: digitalizazioa eskuragarriago edukitzeko helburua, euskal merkataritza indartsuagoa, sendoagoa eta lehiakorragoa babestuz; eta, pandemia honetan murgilduta, erresistentzia-fase honetan negozioen jarduera eta enpleguari eusteko lanean jarraitzeko helburua.

Eta honako hau gaineratu du: “laguntzez eta dirulaguntzez —adibidez, COVID ezohiko laguntzak— gain, kontsumorako pizgarriak —adibidez, merkataritza-bonua— eskaini ditugu. Gainera, bonu horiek erabiltzeko epea otsailaren 28ra arte luzatu dugu, urtearen hasiera honetan eta beherapenen kanpainan zuei babesa emateko. Merkatuan 500.000 bonu baino gehiago jarri ditugu. Horrek, gutxienez, 15 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izango du».

Bilboko Azkuna Zentroan gaur egin den ekitaldian merkatari sarituak zoriondu ondoren, Javier Hurtadok gogoratu du merkataritzarentzako garrantzitsua dela digitalizaziora iragatea. Pandemiak joera hori areagotu baino ez du egin, aurretik jada ezarrita bazegoen ere. “Merkataritzaren etorkizuna —esan du— askotariko kanaletan dago, denda fisikoa baztertu gabe, baina eraldaketa digitalera egokituz. Esan ohi dudan bezala, auzoko dendak bai baina 4.0 dendak ere bai. Orotariko kanaletan zentratutako negozio-eredu berriak dira, digitalizaziora egokituak, gure kaleetatik irten gabe eta kasu askotan haien beharra duten pertsonak bazterrean utzi gabe”.

Zentzu horretan, Sailburuak denden rol soziala azpimarratu du, funtsezkoa hiri-ekonomia eta hirigintza berrantolatzea eskatzen duen gizarte gero eta zaharrago batean. “Ez dugu ahaztu behar belaunaldien artean eten digitala sortzen ari dela, baita gizarte-mailan ere, eta eten hori modu fisikoan funtsezko zerbitzuak eskuratu ezin dituzten pertsona asko bakantzen laguntzen ari da. Eta, adibidez, landaguneetan kutxazain automatikoak edo sukurtsalak, edo merkataritza-zerbitzuak, farmaziak eta abar eskura izateko zailtasunei buruz ari naiz. Ez ditugu ahaztu behar hainbat arrazoirengatik teknologia hain eskuragarri ez duten pertsona horiek guztiak, eta horretan nabarmentzen da gehiago tokiko merkataritzaren rol soziala”.