Javier Hurtado: «Euskal turismoa sostengatzeko planak zuzeneko laguntzak eta sustapen-neurriak jasoko ditu»

0

Bilboko Herri Irratiko “Egunon Bizkaia “ saioan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok aurreratu ditu Turismoa Sostengatzeko Planaren ildo nagusiak, non zuzeneko laguntzez gain sektoreak eskatutako sustapen-ekintzak aurreikusten dira. “Urtarrilaren amaierako edo otsailaren hasierako aginduan jasoko den Planak oso egoera zailean dagoen sektore bati laguntzea du helburu eta horren gainean administrazio guztiek jardun behar dugu. Espainiako Gobernua ahalegin handia egiten ari da SENekin, eta bidaia-agentziak gonbidatzen ditut KOI kreditu berriak azter ditzaten, bertan behera utzitako bidaia konbinatuak itzultzeko gastuak kontuan hartzen baititu”.

Alokairu komertzialei dagokienez, beste batzuetan egin duen bezala, Espainiako eta Nafarroako gobernuek adostutako neurriak ezartzeko eskatu die euskal ogasunei, alokairuen negoziazioa erraztuko duten kenkari fiskalak aplikatzeko. “Bai, alokairuen pisua errentariari bakarrik ez erortzeko hausnarketa egiteko gonbitea luzatzen dut. Espero dut foru-aldundiek koordinazioa izatea eta alokairuak negoziatzeko laguntza edo pizgarriren bat bilatzea,onena dela uste baitugu”.

Hain zuzen ere, Hurtado sailburuak nabarmendu du erakunde guztiek lankidetzan jardun behar dutela sektoreetara zuzendutako neurriak ezartzen eta koordinatzen jarraitzeko. “Administrazio guztien artean (Europar Batasuna, Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak eta udalak) ahalegin handia egin behar dugu lehengo egoera berriro itzuli dadin, baina jakin badakigu administrazio bakar batek ere ezin dituela arindu, berez, sektore askori eragiten dion mundu mailako pandemia baten ondorioak”.