Tuesta Bakeryk 2 milioi euroko inbertsioak aurreikusi ditu ogia eta opilak egiteko

0

Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburuak, Tuesta Bakery enpresaren instalazioak bisitatu ditu. Enpresak 2019an itxi zen Horno de Tuesta enpresaren lekukoa hartu du ogiaren eta okintzako eta gozogintzako produktu freskoen fabrikazioaren sektorean. Jardunaldian parte hartu dute, halaber, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburu Bittor Orozek eta, enpresaren ordezkari gisa, Luis Fernandezek, Alberto Sasigainek eta Diego Javier Morenok.

Enpresaren arduradunek uste dute bi milioi euroko inbertsioak egin beharko dituztela beren lau fabrikazio lerroak abiarazteko eta croissant, madalena, muffin, gurinopil, pastel eta beste produktu batzuen hogeita hamar erreferentzia baino gehiagoren eskaintza berriro merkaturatzeko. Oraingoz, Tuesta Bakeryk aldi baterako 20 enplegu sortu ditu, eta enplegu horietatik %50 inguruan bizi diren emakumeak dira. Aurkezpenean, enpresa kokatuta dagoeneko landa ingurunearekin duen konpromisoa azpimarratu dute, bai eta lehengaiak eskuratzeko etorkizun hurbilerako tokiko ekoizleekin elkarlanean aritzeko hartuko duten  konpromisoa ere.

Enpresa 2019an itxi zen, Arabako Gaubea eskualdeko herri horretako ekonomiarako eta enplegurako kolpe handia izanik, eta horren ondoren enpresa Tuesta Bakery izenarekin eta Gasteizko ekintzaile talde baten eskutik berriz ireki izanak bultzada handia eman dio zonaldeko merkataritzari eta industriari, zonaldearen garapen sozioekonomikoari lagunduta.

Eusko Jaurlaritzak ontzat jotzen du zuzendaritza talde berriak egindako ahalegina, enpresari etorkizunerako aukera eman baitio eta, beraz, enpresa kokatuta dagoeneko inguruneari ere bai. Enpresa ekimenak enplegua eta aberastasuna sortzen ditu, eta Gaubeako landa eremuaren garapenari eta etorkizunari mesede egiten die.

Zentzu horretan, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Euskadiko landa eremuen suspertze sozioekonomikoari laguntzeko tresnak, indartu ditu 2021erako, eta, hain zuzen ere, helburu horretarako laguntzen deialdiak aurreratu ditu, guztira 14,8 milioiren laguntzekin, Erein eta Leader programen bidez.