Bizkaiko Foru Aldundiak, Breda University of Applied Sciences unibertsitateak, Deustuko Unibertsitateak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak eta Orbeak esperientzia, gaitasunak eta ezagutza batu dituzte bizikleta bidez mugikortasun jasangarria bultzatzeko osatutako lantalde batean. Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, lantaldea aurkezterakoan, bizikletaren aldeko apustua egiten duen taldea dela esan du, gizartea eraldatzeko eta Bizkaiko pertsonei beste modu batera bizitzeko eta mugitzeko aukera emateko.
Ildo horretatik, Ahaldun Nagusiak azpimarratu du bizikleta ez dela helburu bat, modu osasuntsuagoan bizitzeko eta bizi-kalitatea irabazteko bidea baizik. Bizikletaz mugitzea pertsona bakoitzak baloratu eta hartu behar duen erabakia den neurrian, lantaldea erabaki hori bultzatzeko eta errazteko sortu da.
Lantaldearen aurkezpenean hauek hartu dute parte: Jon Fernández, Orbeako zuzendari nagusia, Gorka Ugalde Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendaria, Mikel Larreina Deustuko Unibertsitateko nazioarteko harremanetarako dekanordea, Paul van de Coevering Bredako Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko hiri-inteligentziako irakaslea, eta Mireia Elkoroiribe Duragaldeko mankomunitateko lehendakaria. Hain zuzen ere, Durangaldeko mankomunikateak bizikleta bidezko mugikortasuna bultzatzeko proiektu aipagarriak garatzen ditu udalerriaren eremuan.
Taldearen lana epe luzerako planteatzen den arren, 2021ean proiektuak probatzen hasiko da hainbat arlotan. Besteak beste, Rementeriak hauek aipatu ditu: aholkularitza udalerriei -proba pilotuak egingo dira Getxon, Leioan, Amorebietan eta Portugaleten-, lana teknologia berriekin eta adimen artifizialarekin, mugikortasunaren arloko prestakuntza sustatzea -ikastaro berezi bat egingo da Deustun-, ekintzailetza eta I+G+b bizikletaren inguruan -Orbeak eta lurraldeko beste eragile batzuek proiektuak garatuko dituzte-, eta kanpainak garatzea ikastetxeetan eta lantokietan. Proiektu horiek guztiak zehatz jasoko dira lantaldea osatzen duten bost erakundeek laster gauzatuko duten hitzarmenean.