Donostiako bandera Donostia Ospitalearentzat

0

Donostiako Udalak hiriko bandera pertsonalizatua emango dio Donostia Ospitaleari. Nahiz eta aurten COVID-19aren osasun krisiaren ondorioz San Sebastian eguneko ospakizunak bertan behera gelditu diren, Udalak iaz Union Artesanaren 150.urteurrena omentzeko martxan jarri zuen ekimena mantendu nahi izan du.

Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu du, hilabete hauetan guztietan birusaren aurka borrokatzen egon diren pertsona guztiei eskerrak emateko modu bat dela. Eta horren harian, honakoa esan du: “Hiriko bandera donostiar guztiok batzen gaitu, eta donostiar izateaz harro sentiarazten gaituen gauza bat da. Beraz, San Sebastián egunaren inguruan bizi dugun egoeran Donostia Ospitaleari bandera ematea aurten biziko dugun une berezietako bat izango da”.

Hortaz, bigarren aldiz Donostiako Udalak hiriko bandera emango du. Hasiera batean, ekimena urtero urteurren bat ospatzen duen elkarte edo konpainia bati emateko sortu zen, baina osasun krisiak plangintza aldatu du. Hori dela eta, aurten festa COVID-19aren aurka borrokatzen egon diren pertsonak omentzeko balioko du.