Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren XXXVIII. ediziorako deialdia

0
PRUEBA

Bilboko Udalak Gabriel Aresti Ipuin Lehiaketaren XXXVIII. edizioa deitu du. Lehiaketak 3.500 euroko sari bat eta 1.750 euroko accesit bi banatuko ditu modalitate bakoitzean, euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren.

Kultura eta Gobernantza Sailaren ekimen honek bi helburu ditu: literatura-sorkuntza sustatzea eta euskarazko autore garrantzitsuenetako baten bizitza eta lana ezagutarazten laguntzea. Lehiaketa, 18 urtetik gorako edozein nazionalitateko idazleei dago zabalik, baina aurkezten diren lanen jatorrizko hizkuntza Euskadiko Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako bat izan beharko da, izan ere, ez da itzulpenik onartuko. Ipuinen gaia librea izango da, eta ipuinak jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste edozein lehiaketan saririk jaso gabeak izan beharko dira. Gehienez ere hamabost orrialde izango dituzte (Times New Roman edo baliokidean, 12 gorputzean) 1,5 espazioan.

Aurreko edizioetan bezala, modalitate bakoitzak bere epaimahaia izango du, literatur munduko pertsona ezagunek osatua. Partaideek MARTXOAREN 30era arteko epea izango dute euren lanak formatu digitalean aurkezteko, udal webgunearen bitartez. Oinarri osoak eta parte hartzeko buletina helbide hauetan daude jada www.bilbao.eus/concursoaresti eta www.bilbao.eus/arestilehiaketa.

Aurreko edizioan, Nora Canal eta bere “La tumba de Adam Smith” –gaztelaniaz– eta Mikel Ayllon Corral eta bere “Emakume-bala” kontakizuna –euskaraz– izan ziren aintzatespen handiena jaso zutenak. Era berean, bi accesit, euskararen kategorian, Lourdes Unzueta Zamalloarentzat “Neskatoa ogi bila doanekoa” eta Itziar Ugarte Irizarrarentzat “Beraneantea” ipuinagatik izan ziren. Gaztelaniazko atalean, bat Jesús Barriorentzat izan zen, “Casa Museo” kontakizunarengatik eta Ricardo Chávezentzat bestea, “El día río del perro muerto” kontakizunarengatik.

Gabriel Arestik (Bilbo, 1933-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia landu zituen, eta, horrez gain, literatura unibertsaleko zenbait lan itzuli zituen euskarara eta Euskaltzaindian egin zuen lanaren bitartez, euskal hizkuntza modernoaren oinarriak sendotzen lagundu zuen. Idatzi zituen lan ezagunenak “Euskal harria” (1968) eta “Harrizko herri hau” (1971) eta 2014an mende erdi bete zuen “Harri eta herri” (1964) olerki liburuak dira.