Onartu dute Barakaldoko Meatzeen Eskolako kirol anitzeko pista estaltzeko obra lizentzia

0
PRUEBA

Barakaldoko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza kudeaketa Arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok iragarri duenez, tokiko gobernu-batzarrak Eusko Jaurlaritzari obra-lizentzia ematea onartu du, Meatzeen BHIko kirol anitzeko pista estaltzeko.

«Estalkiari esker, ikasleek euritik babestuta egongo dira, eta ikastetxeak, berriz, funtzio anitzeko ekipamendu berri bat izango du, Barakaldoko beste ikastetxe eta institutu batzuek dutena bezalakoa jarduerak egiteko. Pandemiarekin, gainera, horrelako esparruek ikasleei patioan egoteko ematen dien aukeraren garrantzia egiaztatu dugu «, azaldu du Pizarrok.

Jarduketaren bidez, 1.092 metro koadroko egitura estalia emango zaio institutu publiko horretako patioari. Aterpea eskubaloiko eta areto-futboleko egungo pistaren gainean eraikiko da (40 x 20 metro), eta metalezko plakekin babestuko da, klimarako orientazio okerrenetan (iparraldean eta mendebaldean), argia sartzea bermatuz.

Juan Antonio Pizarrok adierazi duenez, obra horiek barne hartzen dutenez ikastetxearen alboko horma eraistea,  lurzatia metro batzuk haziko da. Halaber, saskibaloi-kantxaren orientazioa aldatuko da, eta argia jarriko da pista estali berriaren barruan ikuspena hobetzeko.

Estalkia instalatu aurretik, eragindako gainazala induskatu beharko da, eta gaur egun kirol anitzeko pistak hartzen dituen hiri altzariak lekuz aldatu.

Proiektuaren aurrekontua 1,15 milioi eurokoa da, eta obrak egiteko epea, berriz, bost hilabetekoa, Eusko Jaurlaritzak Udalaren Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketaren arloan aurkeztutako dokumentazio teknikoaren arabera.

Barakaldoko lau institutu publikoetako bat da Meatzeen BHI, Gurutzeta, Antonio Trueba eta Beurkokoekin batera, eta sarrera nagusia Bondad kalean du, San Bizente kirol-hiriaren parean.  Meatzeen Eskolan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikastaroak ematen dira.