Bizkaiak zergen ordainketan geroratze automatikoak eta bermerik gabeko geroratzeak hobetu ditu

0
PRUEBA

Bizkaiko Foru Aldundiak Zerga-bilketako Araudia aldatu du zergadun bizkaitarrek errazago izan dezaten beren zergen eta gainerako zerga-zorren ordainketa geroratzea. Aldaketa foru dekretu baten bidez ezarri da. Horren arabera luzeagoak izango dira itzulketen epealdiak, ezabatu egin da zorrak kitatzeko hileko kuota guztiak kopuru berekoak izan beharra eta 500.000 eurora arteko zorren ordainketa geroratu ahal izango da bermerik aurkeztu gabe.

Neurri horren bidez Foru Ogasunak Covid-19aren pandemiaren ondorioz kalteak dituzten pertsona, profesional, negozio eta enpresa guztien egoera ekonomikoa hobetu nahi du. Izan ere, horri esker zergen ordainketak zatikatu ahal izango dituzte eta kuotak unean uneko egoera ekonomikora moldatu ahal izango dituzte. Horrenbestez, likidezia handiagoa edukiko dute egungo egoerari aurre egiteko eta makalaldi honetatik errazago suspertzeko. Gainera, foru dekretu honek dakarren hobekuntza 2020ko urtarrilaren 1ean egin zenari gehitzen zaio.

Aldaketa garrantzitsuenak aipatzearren, Bizkaiko Foru honako kasu hauetan berez onartuko du zorraren ordainketa geroratzea bermerik aurkeztu gabe:

  • 50.000 eurotik beherako zorrak 48 hiletan ordaindu ahal izango dira. Orain arte gehienez 20.000 euroren ordainketa geroratu zitekeen: 36 hileko kuota, eta denak kopuru berekoak, gainera.
  • 50.001 – 100.000 euro arteko zorrak 36 hiletan ordaindu ahal izango dira. Orain arte gehienez 50.000 euroren ordainketa geroratu zitekeen: 24 hileko kuota, denak kopuru berekoak.
  • 500.000 eurora arteko zorrak 24 hiletan ordaindu ahal izango dira. Orain arte honenbesteko zorrak 12 hiletan ordaindu behar ziren, kopuru bereko kuotetan.

Halaber, zerga-zorrak errazago ordaindu ahal izateko, oraindik aurrera zergadunek birritan gabe hiru aldiz eskatu ahal izango dute zor baten ordainketa geroratzeko edo hura zatikatzeko. Ildo beretik, gaur egun hileko kuota bi ordaindu gabe gelditzen badira, geroratzea bertan behera uzten da; aldaketaren ondorioz hemendik aurrera hiru kuota gelditu beharko dira ordaindu gabe hori gertatzeko.

Beste alde batetik, zerga-zorrak zergen itzulketekin konpentsatzeko arauak aldatzen dira eta oraindik aurrera ez da konpentsaziorik aplikatuko geroratutako zerga-zorra ondo bermatuta egonez gero. Neurri honen bidez zergadunen likidezia hobetuko da bizi garen aldi korapilatsu honetan.

Asimetria hibridoak beste herrialde batzuekin

Aldundiak foru dekretu arauemailea onetsi du Kontseiluaren maiatzaren 29ko 2017/952 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiteko. Zuzentarau horren helburua da asimetria hibridoak ezabatzea, zerga-oinarrien beherakadaren kontra egin nahian. Hain zuzen ere, lortu nahi da kontzeptu beragatik ezin aplikatu izatea kenkaria bi jurisdikziotan. Horrela, horren inguruko Europar Batasunaren arauak txertatu dira Bizkaiko Foru Aldundiaren ordenamenduan, hain zuzen ere sozietateen gaineko zergari eta ez-egoiliarren errentaren gaineko zergari buruzkoan.

Foru dekretu arauemaile honen onespenarekin eta hura indarrean jartzearekin Bizkaiko Foru Aldundiak bere arautegian txertatu ditu finantza-ingeniaritzaz eta jurisdikzioen arautegi desberdinen aprobetxamenduaz baliatuz zergak saihestearen kontra egiteko Europar Batasunak onetsitako zuzentarauak. Horrela erabat betetzen ditu ELGEk BEPS proiektuan hartutako erabakiak. Horri esker Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga-sistema buruzagien artean ipini da zergak saihesteko jokabideen kontrako borrokan. Izan ere, nazioartean koordinatutako neurriak foru arautegian txertaturik, haien eraginkortasuna hobetuko da, eta ez dira ezertan eragozten zerga-betebeharrak behar bezala betetzen dituzten zergadunen eskubideak.