Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Eibarren etxebizitza batean lapurreta egiten saiatzeagatik

0

Atzo goizen Ertzaintzak 23 urteko gizonezko bat atxilotu zuen, eraikin bateko portalean sarrailak behartzeko erremintekin harrapatu ondoren.

Atzo goizeko 11:30 aldera, Eibarko Urki auzoan, Ertzaintzak, bertako Udaltzaingoaren laguntzaz, gizonezko bat atxilotu zuen etxebizitzan lapurreta egiten saiatzea leporatuta. Berriemaile batek deitu zuen Ertzaintzara adierazitako auzoko eraikin batean zaratak entzuten zirela esanez, ate bat behartzen ariko balira bezala. Lehenbizi Eibarko Udaltzaingoaren patruila bat agertu zen eraikinera, eta bertan bizi ez den gizonezko bat aurkitu zuen portal barruan. Udaltzainek identifikazioa eskatu zioten eta bertan zegoen motxila beltz bat berea al zen galdetu zioten, eta gizonezkoak baietz esan zien.

Handik laster agertu zen Ertzaintzaren patruila bat, eta miatu zutenean, besteak beste, bihurkinak, giltza ingeles bat, ateak irekitzeko plastikozko elementuak, sarraila-zilindroak ateratzeko “bumping” giltza bat, labana bat eta sarraila baten zilindroa aurkitu zizkioten. Agenteek higiezineko ateetako bat aztertu eta behartu izanaren zantzuak zituela egiaztatu zuten.

Horren aurrean, atxilotu egin zuten antzeko gertakariengatik polizia-aurrekariak dituen gizonezkoa, eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zuten zegozkion eginbideak betetzera. Gaur goizean Eibarko Guardiako Epaitegira eraman dute agintari judizialaren eskuetan jartzeko.