Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiak urtean mila saiakuntza baino gehiago egiten ditu

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, Pedro Jauregui Etxebizitzako sailburuordearekin batera, Sailaren mendekoa den Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiak Vitoria-Gasteizen dituen instalazioak bisitatu ditu; hartan, urtean mila saiakuntza baino gehiago egiten dira, Euskadin eta gure erkidegotik kanpora egiten diren eraikuntzen kalitatea, bizigarritasuna eta efizientzia energetikoa hobetzeko.

Sailburuak in situ egiaztatu du saiakuntza horietako batzuen garapena, besteak beste termika-arloan egiten ari dena, kristalez hornitutako eta aireztatutako azal bikoitzeko fatxada karakterizatzeko, akustika-karakterizazioa egin ondoren. Azterlana oso konplexua da, eta osagai teknologiko handia du; Paslink gelaxken bidez egin da, eta aukera emango du fatxada horien eguzki-bilketa eta ahalmen termikoa egiaztatzeko, eraikin baten klimatizazio- eta aireztapen-elementu gisa.

Bisitan, halaber, zenbait leiho-motak klima-faktore batzuen aurrean –besteak beste haizea edo euria– duten portaera ezagutu du, bai eta leihoen eta fatxaden, hormen edo etxebizitzetako erabiltzaileak zaraten aurrean babesteko erabiltzen diren forjen beste sistema batzuen akustika-isolamenduaren maila ere, eta etxebizitzen eraikuntzan erabiltzen diren zenbait materialen erresistentzia-maila.

Iñaki Arriolak, bisitan, Laborategiaren lanaren balioa nabarmendu du: “Ikerketa eta kontrola funtsezko pieza dira edozein sektore profesionaletan, baina, etxebizitzaz ari garenean, are garrantzitsuagoak dira.  Hori horrela, Etxebizitza Sailaren mendeko Eraikuntzaren Kalitatea Kontrolatzeko Laborategiak egiten duen lan bikaina nabarmendu nahi dut. Pribilegio handia da puntako tresna bat izatea, erreferente teknologiko eta normatibo bat etxebizitza publikoaren zerbitzura”, esan du. Eta esan du tresna-mota horri eta haren kontrol-lanari esker direla “Euskadin babes publikoko etxebizitzen kalitate-estandarrak etxebizitza librearen antzekoak edo handiagoak”.

Laborategiak hiru jarduera-arlo ditu: Fisiko-mekanikoa, Termika eta Akustika, eta, nahiz eta bere lanaren zati handi bat Sailaren beraren eta Visesaren eraikuntzetan zentratzen den, gero eta sarriago egiten ditu saiakuntzak nazio- eta nazioarte-mailako teknologia-guneetarako, unibertsitateetarako, enpresetarako, partikularretarako eta beste laborategi batzuetarako. Azken horiekin, gainera, arau berriak garatzen parte hartzen du.

Arlo fisiko-mekanikoa da Laborategiaren jatorria; 30 urte baino gehiago daramatza eraikinen eraikuntzan erabiltzen diren material eta sistemen kalitate-saiakuntzak egiten. 90eko hamarkadan, akustika- eta termika-arloak sartu ziren, eta ikerketari eta produktuaren garapenari ireki zitzaien atea. Hasieratik, bi arlo horien kudeaketa Tecnaliarekin –lehen Labein– elkarlanean (akustikoa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (termikoa) egiten da. Elkarlan publiko-pribatuaren formula hori oso probetxugarria da, eta gakoa izan da eraikuntzaren sektorearen zerbitzura jartzeko Eraikuntzaren Kode Teknikora egokitutako berrikuntza-tresna boteretsua.

Jardueraren % 15 inguru nazioarteko enpresa eta erakundeek eskatuta egiten da. Hala, duela urte batzuk, Laborategiak, Europako Espazio Agentziak eskatuta, Ariane 5 Europako kohete espazialak estaltzen zuen piezetako baten beroarekiko erresistentziaren karakterizazioan parte hartu zuen. Era berean, zenbait eraikin bereziren akustika-saiakuntzak egin ditu, besteak beste, Musikeneren eraikinarena, edo Moskuko, Hong-Kongeko eta Parisko zenbait entzungelatako butaka-sistemenak.

Laborategiak egiten dituen beste jarduera azpimarragarri batzuk honako hauek dira: batetik, Euskadiko etxebizitzen lanak ikuskatzea, besteak beste eta nagusiki Kalitate Kontrolaren Dekretua eta Eraikuntzaren Kontrol Akustikoari buruzko Agindua betetzen direla egiaztatzeko, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoan isnkribatuta dauden eta erantzukizunpeko adierazpena duten eraikinen kalitate-kontrolerako laborategien eta erakundeen kalitatea ebaluatzea.