COVID19 birusak Euskadin eta Euskaditik kanpo duen hedapen-egoera kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak hedapen hori geldiarazteko neurri murriztaileak zabaltzeko proposamena helarazi die Autonomia Erkidego guztiei eta Osasun Ministerioari. Esparru edo irizpide orokor bat da, Autonomia Erkidego bakoitzak bere egoeraren arabera moldatu ahal izan dezan.
Proposamenak Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABIren) Batzorde Teknikoaren azken irizpenean oinarrituta daude.
Osasuneko Lurralde arteko Kontseiluari proposatzen zaion akordioaren neurriak:
- Udalerri guztien itxiera perimetrala zehaztea, 926/2020 Errege Dekretuan aurreikusitako mugikortasun-mugaren salbuespen berberekin.
- Pertsona-taldeak espazio publikoetan eta pribatuetan egoteko muga gehienez ere 4ra murriztea, bizikideak izan ezik. Neurri horrek 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako mugak egokitzea eskatzen du.
- Gaueko mugikortasunaren ordu-muga 20:00etara aurreratzea. Neurri horrek 926/2020 Errege Dekretuan ezarritako mugak egokitzea eskatzen du.
- Establezimendu mota guztiak ixteko, farmaziak eta zerbitzuguneak izan ezik, eta gizarte-, kultura- edo kirol-jarduera mota guztiak bertan behera uzteko ordu-muga 19:00etan ezartzea.
- 14 egunetako intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gehiago duten 5.000 biztanletik gorako udalerrietan, honako neurri hauek zehaztuko dira:
- ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuak ixtea, salbuespen hauekin: hoteletako jantokiak eta ostatu hartutako bezeroentzako ostatuak, eskaerak entregatzeko edo jasotzeko zerbitzua eta gasolindegietan eta zerbitzuguneetan daudenak.
- taldeko kirola bertan behera uztea, salbu eta profesionala edo erdi-profesionalaren entrenamenduak eta lehiaketa, eta aire zabaleko kirol-jarduera, gehienez 2 pertsonako taldetan.
- 5.000 biztanletik beherako udalerrietan, Autonomia Erkidego bakoitzeko osasun-zerbitzuek ezarriko dituzte, beren errealitate soziodemografikoaren arabera, egoera epidemiologikoa haztatzea eta dagozkion neurri murriztaileak aplikatzea ahalbidetuko duten irizpide osagarriak.
Hasiera batean, akordio honetan jasotako neurriak aplikatzeko aldia otsailaren amaierara arte proiektatuko litzateke, eta hamabost egunean behin ebaluatuko lirateke.